Jaso gabeko txakurren kakak banderatxoekin seinalatuko ditu Alegiako Udalak

Ataria 2025eko urtarrilaren 14a

Banderatxoak Alegiako berdegune batean. ALEGIAKO UDALA

Neurriaren helburuak dira, besteak beste, herritar guztiek egoeraren berri izatea eta hondakinak jasotzeko ezarritako neurria betetzeko beharra sentiaraztea.

Alegiako Udalak urteak daramatza jasotzen ez diren txakur kaken aferarekin kezkatuta eta, aurrerantzean, neurri berri bat hartuko dute: banderatxoak jarriko dituzte jaso gabeko txakurren gorotzetan. «Hainbat txakur jabek ez dituzte txakurren hondakinak jasotzen eta, horrenbestean, animalia horiek ibiltzen diren espazio publikoetan berauen kakak topatu daitezke askotan». Udalak adierazi du neurria hartu duela arauak errespetatzeko askotan egin diren deialdiek izan duten arrakasta eskasa ikusita, eta herritar guztiek egoeraren berri izatea da, besteak beste, helburua.

«Txakur kakak topatzen diren eremuetan banderatxo gorri batzuk jarri dira. Horrela, herritarrek benetako egoera zein den ikusi ahal izango dute, eta arauak hausten dituzten txakur jabeengan hondakinak jasotzeko ezarrita dagoen neurria betearazten hasteko beharra sentiarazi nahi da». Alegiako Udalaren esanetan espazio horiek herritar guztiek erabili ahal izateko eremu publikoak dira eta «ez da onargarria txakur kakez josita egotea». Hari berari tiraka, txakur kakak bildu eta edozein errefusa edukiontzitara bota daitezkeela ere gogorarazi dute.

Bestalde, etorkizunean beste arauren bat hartzea ere ez du baztertu udalak: «Legeak ahalbidetzen dituen neurri gogorragoetan sartu beharrik ez izatea espero du udalak, baina jokabideak aldatzen ez badira, ez zaio beste aukerarik geratuko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!