Olano-Muruak eta Urdangarin-Luluagak jantzi dituzte txapelak

Ataria 2025eko urtarrilaren 3a

Alegiako Elorri pilotalekuan Eguberrietako II. Pala Txapelketaren bi finalak jokatu dira gaur arratsaldean. Emakumezkoetan altzotarrak nagusitu dira, gizonezkoetan, Astigarragara joan dira bi txapelak.

Lehen finala emakumeena izan da. Uxue Olano eta Nagore Murua partida osoan aurretik joan dira. Altzoko bikoteak, ordea, latz sufritu behar izan du azken tantoetan. Alde zuten errenta jan die Ekhiñe Balerdik eta Ainhoa Ugartemendiak. Usurbildarrak eta altzotarrak berdinketa lortu dute, 24nakoan. Azken tantoa, Olanok eta Muruak lortu dute.

Gizonezkoen finala ez da hain parekatua izan. Ganix Urdangarin eta Asier Luluaga erraz aritu dira jokoan, batez ere defentsan. Alde handia lortu dute partidaren lehen zatian eta horri eutsi diote amaierara arte. Josu Salegi zumaiarrak ez du bere maila ikusgarria erakutsi, eta pilota asko galdu ditu tantoa amaitzerako unean. Mikel Goitia amezketarrak partida serioa jokatu du, baina azkenean, 25-13 nagusitu dira Urdangarin eta Luluaga.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!