Alegiako Txintxarri Abesbatza Kultur Elkarteak eta Alegiako Udalak elkarlanean Eguberri kontzertu bat antolatu dute igande honetarako (hilaren 22rako): Errenteriako Dizdizka gazte abesbatzak emanaldia eskainiko du, elizan, 17:00etan. Errenteriako Landarbaso abesbatzaren harrobiko gazte korua da Dizdizka. 2016an sortu zen, 15 eta 25 urte bitarteko hogeita hamar bat abeslarik osatzen dute eta Maddalen Dorronsorok zuzentzen du.
Joan den abenduko zubian bigarren saria eta entzuleen saria eskuratu ditu Mallorcako Bissalem abesbatza lehiaketan. Hori gutxi ez, eta martxoan ere bigarren saria eskuratu zuen Asturiasko Habaneren Haur eta Gazte Lehiaketan. Koru-musika gazteen artean zabaltzea da taldearen helburu nagusia.
Kantu eske herrikoia
Kontzertu horretaz gain, Eguberrietan kantu eske herrikoia ere antolatu du Txintxarri abesbatzak abenduaren 24rako, eta herritarrei irekitako entseguak prestatu dituzte saioa lantzeko. Joan den asteartean egin zuten lehen entsegua eta azkena, berriz, gaur egingo dute, 20:00etan, Inaxio Begiristain kultur etxean.
Elkartetik deialdi ireki bat dela gogorarazi dute eta, hari horri tiraka, kanturako gogoz dauden herritarrei ekimenarekin bat egiteko gonbidapena ere luzatu diete eta elkarrekin kantuan «arratsalde pasa eder bat» egiteko aukera eskaini.