Ohiko ordutegia berreskuratu du gimnasioak

Ataria 2024ko abenduaren 16a

Astelehenetik igandera, 7:00etatik 20:30era, egongo da zabalik eta txartelak eguneratu beharko dituzte bazkideek. Bestalde, kultur etxeko ordutegia aldatu egingo da Gabonetan.

Amaitu dituzte Inaxio Begiristain Kultur eta Kirol Etxeko lanak, eta gimnasioko bazkideek ohiko ordutegian erabili ahal izango dute hemendik aurrera. Hain zuzen, astelehenetik igandera, 7:00etatik 20:30era, egongo da zabalik gimnasioa eta erabiltzaileek sartzeko txartelak eguneratu egin beharko dituzte. Eguneratze hori bi modutan egin ahal izango dute: batetik, udaletxeko sarrera nagusiaren alboan dagoen aktibatzailetik pasata; eta, bestetik, kultur etxean —berau zabalik dagoen ordutegian—.

Datozen asteetan, ordea, Gabonak direla-eta aldatu egingo da kultur etxeko ordutegia. Abenduaren 23an —datorren astelehena— 15:00etatik 21:00etara egongo da irekita. Kontrara, itxira egongo da abenduaren 24tik urtarrilaren 1era, biak barne. Urtarrilaren 2tik aurrera, berriz, ohiko ordutegia berreskuratuko du, hau da, goizez, 10:00etatik 13:00era eta, arratsaldez, 15:00etatik 21:00etara.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!