Goi mailako pala txapelketa, bigarrenez

Imanol Garcia Landa 2024ko abenduaren 10a

Alex Sanchez eta Regina Sorarrain, Eguberrietako 2. Pala Txapelketaren aurkezpenean.

Eguberrietako 2. Pala Txapelketa izango da jokoan Alegiako Elorri pilotalekuan, gizonezkoen eta emakumezkoen modalitatean.

Lehen urtean izandako arrakastaren ondoren, aurtengoan ere antolatu dute Eguberrietako Pala Txapelketa. Bigarren urtea izango da eta gizonezkoen zein emakumezkoen txapelketak izango ditu. Gizonezkoetan sei bikote ariko dira lehian, bi multzotan banatuta, eta emakumezkoetan lau bikotek parte hartuko dute eta finalerdiekin hasiko dira lehian. Alegiako Elorri pilotalekuan jokatuko dira partidak.

Aurtengo berritasun nagusiena partidak 45 minutura jokatuko direla izango da. «Denbora horretatik ezin dira pasa», esan du Alex Sanchez txapelketaren antolatzaileak. «Partidak 25 tantora izango dira, baina 45 minutuko mugara iristean ez bada horraino iritsi, irabazten ari den bikoteak eramango du partida. Neurri honekin ikuskizuna bermatu nahi dugu, aurreko urtean partida batzuk ordutik gora luzatu zirelako. Aurreneko pala txapelketa izango da horrelako neurri bat hartzen dena».

Gizonezkoetan, A multzoan Zubiria-Zabala, Salegi-Goitia, eta Xalbador anaiak lehiatuko dira; B multzoan Ganix-Luluaga, Aldalur-Lizaso eta Errasti-Rodriguez. «Zubiria aurten bigarren mailako txapeldun geratu da, Goitiarekin batera, eta txapelketa honetarako Zabalarekin osatzen duen bikotea oso indartsua da», esan du Sanchezek. «Xalbador anaiak Nafarroako txapeldunak dira, beraz, horien maila ere kontuan hartzekoa izango da. Salegi aurreko urtean etorri zen, eta Goitiarekin bikote oso ona osatzen du. Maila handia dago». Multzo bakoitzeko hiru bikoteek elkarren aurka jokatuko dute, eta lehen postuan geratzen dena pasako da finalera.

Emakumezkoetan, lehenengo finalerdian, batetik Ekhiñe Balerdik eta Ainhoa Ugartemendia altzotarrak osatuko dute bikote bat, eta bestea Maddi Iriondok eta Anne Agirre alegiarrak. Bigarren finalerdian, Uxue Olano eta Nagore Murua altzotarrek Enara Manzisidor eta Garazi Urdangarin hernaniarrak izango dituzte aurkari. «Bi azken bikote horiek lehen mailakoak dira eta oso indartsuak».

Larunbat honetan hasiko da txapelketa, abenduaren 14an, gizonezkoen bi partidekin, eta hurrengo ostiraletan jokatuko dira beste jardunaldiak, abenduaren 20an (emakumezkoen lehen finalerdia tartean) eta abenduaren 27an (emakumezkoen bigarren finalerdia ere). Finalak urtarrilaren 3an jokatuko dira. Jardunaldi guztiak 18:30ean hasiko dira eta sarrera doan izango da.

Regina Sorarrain alkateak Alex Sanchezi eskertu dio txapelketa bigarren urtez antolatu izana: «Kultura batzordeak urte guztian egiten du lana eta sasoi jakin batzuetan zerbait berezia antolatu nahi izaten du, eta txapelketa Eguberrietako egitarau berezian sartzen da. Iaz etorri zen Alex esanez pala txapelketa antolatuko zuela esanez, eta norbaitek esaten duenean zerbait gustura antolatuko lukeela, batzordetik esker ona adierazten diogu». Bide batez, Sanchezek eta Sorarrainek babesleei eskertu diete txapelketa antolatzeko egin duten ekarpena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!