Alegian uholde-arriskua murrizteko proiektuaren idazketa lizitatu du URAk

Ataria 2024ko aza. 27a, 18:00

Lanak Franconi eskola zaharraren inguruan egitea aurreikusten du proiektuak eta, besteak beste, gaur egungo zubia ordezkatu eta ibaiaren ondoan arrapala bat eraikiko lukete.

Uraren Euskal Agentziak (URA) lizitazioa zabaldu du Alegiako Franconi eskola zaharraren inguruan uholde-arriskua murrizteko proiektuaren idazketa esleitzeko. Aurreikusitako proiektuaren arabera, inguru horretako gaur egungo zubia —ubidearen barruan pilareak dituena — edukiera handiagoko zubi batekin ordezkatuko dute. Zubi berriak 25 metroko begia —arkuen arteko hutsartea— izango luke eta ibaiaren eskuinera sartzeko arrapala bat ere gehituko lukete.

Aipatutako lanez gain, terraza bat induskatuko dute eskuineko ertzean, 200 metroko tarte batean, eta guztia gaur egungo ibaiertza errespetatuz egingo litzateke. Esku-hartze horrekin, ur korrontearen garaiera 50 zentimetro murriztea espero dute, 500 urteko errepikatze-denborako uholde-aldietan. Arduradunek azaldu dutenez, lan horiei esker drainatzea hobetu eta uholde-arriskua murriztuko da.

Alegiako Regina Sorarrain alkateak eta URAko Asier Lopez zuzendari nagusiak jardueraren xehetasunak zehaztu dituzte, eta berretsi dute agentziak konpromisoa hartu duela legegintzaldi honetan obra finantzatzeko eta gauzatzeko. 

Aurreko lanak jarraitzea
Proiektu berri honek 2020 eta 2021 urteetan hartutako neurriak ere osatzen ditu, hain zuzen, Gipuzkoako Foru Aldundiak Oria ibaian bi presa txiki eraistea. Lan haien ondorioz ur korrontearen garaiera 12 eta 11 cm murriztu zen, hurrenez hurren, 100 eta 500 urteko errepikatze-denboretarako. Dena dela, presa horiek eraisteak ez zuen eraginik izan Amezketa ibaiaren uholde-arriskuan eta, ondorioz, Alegiako jarduera «funtsezkoa da» eremuko arriskuak arintzeko.

Bestalde, Alegiako alkateak gogora ekarri du bere udala obrak egiten ari dela, Gipuzkoako Urak-ekin lankidetzan, Larraitz Ekialdeko «irisgarritasuna leheneratzeko eta hobetzeko»; eta URAk egungo zubia ordezkatzeak «eremuko uholde-arriskua murrizten eta egoiliarren bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duela eta, gainera, Franconi eremuko oztopo handietako bat konpontzen duela, hirigintza-jarduera berriak ahalbidetuz».

URAk eta Alegiako Udalak, biek ala biek adierazi dute lankidetzak «berretsi» egiten duela «klima aldaketaren erronkei aurre egiteko» eta «muturreko fenomeno naturalen aurrean herritarren segurtasuna eta ongizatea bermatzeko konpromiso bateratua».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!