Alegiako Udalak «irmoki» salatu ditu pilotalekuan eta futbol zelaian asteburuan egin diren ekintzak

Ataria 2024ko azaroaren 25a

Alegiako Elorri pilotalekua. ALEGIAKO UDALA
Pilotalekuan su-itzalgailuak hustu dituzte eta komunak zein futbol zelaiko harmailak zikindu dituzte.

Asteburuan hainbat kalte eragin dituzte Alegiako pilotalekuan eta futbol zelaian. Elorri pilotalekuko kantxan su-itzalgailuak hustu dituzte eta bertako komun publikoak zikindu. Futbol zelaian, berriz, ezarri berri diren harmailak zikindu dituzte.

Alegiako Udalak «modu irmoan» gaitzetsi eta salatu ditu ekintza horiek: «Oraindik %100ean zabaldu gabe dauden instalakuntzak dira eta diru publiko asko bideratu da instalakuntza horien eraberritzera. Guztiok erabiltzeko instalakuntzak diren neurri berean dagokigu gune horien zaintza ere». Zentzu horretan, udalak horrelako jokaerak eta ekintzak ez errepikatzea espero du; bestela, «gustukoak izango ez diren neurri zorrotzak» hartuko dituela iragarri du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!