Behin-behinean zabaldu dute gimnasioa

Ataria 2024ko azaroaren 19a

Alegiako gimnasioaren artxiboko irudia, berritu aurretik.

Astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, 8:30etik 20:30era. Aldagelak, ordea, itxita egongo dira oraindik.

Kultur eta kirol etxeko aldagelak berritzeko lanak «amaitzetik gertu» daudela iragarri du Alegiako Udalak. Joan den astetik kirol taldeek erabilgarri daukate Elorri pilotalekua eta, atzotik aurrera, gimnasioa ere zabalik izango da.

Lanak, ordea, ez daude erabat bukatuta eta, behin-behinean, honako ordutegia izango du gimnasioak: astelehenetik ostiralera, 8:30etik 20:30era. Bukatzen dutenean, berriz, lehengo ordutegia berreskuratuko du.

Bestalde, aldagelak eta komunak ezingo dira erabili oraindik. Udalak azaldu du instalakuntza horiek osatzeko falta den materiala Valentziatik datorrela eta «bistakoak diren arrazoiak medio» ezin dutela jakin noiz jaso ahal izango den material hori. Zentzu horretan, erabiltzaileei ulermena eskatu diete, ezjakintasun egoera horretan zaila delako lanen behin betiko amaiera data zehaztea.

Urtea bukatu arte, doan
Gimnasioa zabaltzen denetik urtea amaitu bitarteko epea ez diete kobratuko erabiltzaileei. Lanek sortu dituzten eragozpenak direla eta, erabiltzaileekin keinu hori eduki du udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!