Ion Garaialderen kantu errezitaldia Alegiako elizan, hilaren 30ean

Ataria 2024ko aza. 22a, 07:57

Argazkia: Ibon Azpilikueta

Alegiako Txintxarri Abesbatza Kultur Elkarteak kantu errezitaldi bat antolatu du azaroaren 30erako Alegiako Udalaren laguntzarekin. Ion Garaialde Salsamendi herritarrak abestuko du Alegiako elizan, 20:00an.

Alegiako Txintxarri Abesbatza Kultur Elkarteak kantua sustatzen jarraitu asmoz, herritar bat gonbidatu du emanaldi bat eskaintzera udalaren laguntzarekin. Ion Garaialde Salsamendik kantu errezitaldi bat eskainiko du bi aste barru Alegiako elizan. Esther Iñiguez irundarrak lagunduko dio pianorekin eta Juanjo Orbegozo herritarrak, berriz, organoa joko du. Elkarteak Garaialdek erakutsitako prestutasuna eskatu nahi izan dio.

Txikitatik kantuzale

Ion Garaialde Salsamendik (Alegia, 1961) txiki-txikitatik izan du musikarako zaletasuna. Bere ogibidea musika ez izan arren, bere aisialdia beti egon da musikari lotua. Alegiako Txintxarri Abesbatzako abeslaria izan zen aldi batez Joxe Gastesi zuzendari zela. Erroak izeneko musika talde bateko kide izan zen gero, Ordizian ikasketak egin zituen garaian. Garaialdek gitarra jo eta kantatu egiten zuen talde hartan. Gero, Madrilera joan zen bizitzera eta antzerki munduan ibili da lanean.

Azken urteak Segoviako El Espinar herrian egin ditu. Segovia hiriburuko Ágora abesbatzako abeslaria izan da bederatzi bat urtez. El Espinarreko udal musika eskolan pianoa ikasten aritu zen denbora batez. Aldi berean, kantuko ikasketak egiten hasi zen Segovia hiriburuko kontserbatorioan. 2023an lortu zuen kantuko erdi mailako titulua. Guztira, sei urte egin ditu kontserbatorioan.

Arduraz, baina aldi berean gogo handiz hartu du azaroaren 30ean bere herrian, Alegian, kantu errezitaldi bat eskaintzeko gonbita. Txintxarri Abesbatza Kultur Elkarteak eta Alegiako Udalak alegiar guztiak ez ezik inguruko herritarrak ere animatu nahi dituzte emanaldian parte hartzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!