Dantzari eguna, azken ospakizuna

Aitor Arroyo Askarai 2024ko urr. 17a, 07:58

Marta Iraola Sutarri dantza taldeko kidea. A. ARROYO

Sei dantza talde gipuzkoar eta nafar bat bilduko dituzte igandean, guztira, 180 dantzari inguru; goizean kalejira egingo dute eta herriko plazan bilduko dira eguerdian.

Igandean, urriaren 20an, Dantzari Eguna ospatuko du Alegiako Sutarri dantza taldeak eta beste zazpi dantza talde gonbidatu ditu ekitaldia osatzeko. Goizean kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar eta, 12:45ean, herriko plazan elkartu eta dantza bana egingo dute. Guztira, 180 dantzari inguru elkartuko direla esan dute antolatzaileek. 

«Ez da Dantzari Txiki egun bat; denetik elkartu nahi dugu guk: haurrak, gazteak eta helduak», horrela hitz egin du Marta Iraola Sutarri dantza taldeko kideak igandeko ekitaldiaren inguruan. Eskualdeko bost herritatik bertaratuko dira dantzariak, hain zuzen, Altzotik, Amezketatik, Berastegitik, Lizartzatik eta Amasa-Villabonatik; hortik harago, berriz, Segurako (Gipuzkoa) eta Leitzako (Nafarroa) taldeak ere joango dira.

Iraolak azaldu du lurralde bakoitzeko taldeak lortzen ahalegindu direla: «Bakoitzeko dantza bereizgarriak ikusteko aukera antolatu nahi genuen. Saiatu gara Ipar Euskal Herriko talderen bat lortzen, baina hasieratik esan ziguten datagatik ezin zutela etorri».

Gainerakoan, taldeekin «oso harreman ona» izan dutela gehitu du Iraolak eta «berehala» onartu zutela gonbidapena. Eta hari berari tiraka zehaztu du dantza taldeko «gazteak» ari direla «dena» antolatzen: «Oinkari taldeko bat izaten dugu irakasle, eta berak esperientzia du halako ekitaldiak antolatzen, baita handiagoak ere. Helduok beste lan batzuk egiten ari gara».

Urteurreneko azkena
Dantza taldeak 25 urte bete ditu aurten eta hori ospatzeko ekitaldien artean, azkenekoa izango da igandekoa. Dena dela, aitortu du eguraldiak «beldur puntu bat» eragiten diela, eta euria eginez gero eskolako aterpean bilduko direla ere aurreratu du.

Egitarauko jardueren artean, berriz, eguerdiko plazako unea nabarmendu du: «Momentu polita izango da eta ikusteko ederra: hainbeste dantzari elkarrekin plazan. Pena litzateke hori egiteko aukera galtzea eguraldiagatik».

Konpromisoa kolokan
Denbora da Alegian ez dutela Dantzari Txiki egunik antolatzen eta arrazoia azaldu du Iraolak: «Kosta egiten da haurrek zein gurasoek horretarako konpromisoa hartzea». Haren ustez eskolaz kanpoko jarduera «asko» dituzte haurrek gaur egun, eta horrek lekua «jan» egiten dio, kasurako, dantza taldeari. Dena dela, ikasturtean zehar herrian bertan hainbat emanaldi egiten saiatuko direla ere gehitu du. 

Bestalde, Iraolak eskerrak eman dizkio Alegiako Udalari, zeinak «urtez urte lagundu» egin dien eta Dantzari Egunerako ere «baliabideak erraztu» dizkien; eta baita Intxurre Kultur elkarteari ere, horiek ere «beti» izaten direlako laguntzeko prest.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!