Alegiako saihesbidea itxiko dute astearte arratsaldean

Ataria 2024ko urriaren 16a

Urriaren 22an, 19:00etan itxiko dute saihesbidea eta urriaren 23an zabalduko da, 03:00etan. Elorri futbol zelaian harmailen egiturak ezartzeko lanak egingo dituzte, eta horregatik egongo da itxita errepidea.

Datorren asteartean –urriaren 22an– Alegiatik Amezketara doan saihesbidearen (GI-2133 errepidea) zati bat  itxita egongo da hainbat orduz. Elorri futbol zelaiko harmailen egiturak jartzeko lanak egin behar dituzte eta, arduradunen aurreikuspenen arabera, zortzi orduz egongo da errepidea itxita. Hori horrela, urriaren 22ko 19:00etatik urriaren 23ko 03:00etara itxiko dute errepidea.

Alegiako Udaletik eskatu dute «ahal den neurrian» ekiditeko, ordu tarte horretan, «beharrezkoak» ez diren joan-etorriak; dena dela, «ezinbestean» pasa behar dutenek Alegia barrutik joan ahal izango dute. Era berean, udaletik esan dute «lanek iraun bitartean» kasu egiteko seinaleei eta trafikoa bideratuko duten langileen gomendioei.

Hain zuzen, honakoak izango dira ordezko bideak:

  • Amezketatik edo Altzotik Errota auzora datozenak: Errota auzoan Fabrensa industriagunera, Larraitz auzotik pasa eta Tontokale gaineko bidegurutzean GI-2131 errepidea (Ikaztegieta eta Alegia lotzen dituena, besteak beste) hartu ahal izango dute Tolosa edo Ikaztegieta aldera.
  • Tolosa aldetik datozenak: GI-2131 errepidean saihesbiderako (Altzora edo Amezketara joateko bidegurutzerako) sarbidea utzi eta Alegia herriguneraino jarraitu beharko dute. Tontokale gaineko bidegurutzean Larraitz auzo aldera hartu eta Fabrensa igarota, Errotatik, Amezketa edo Altzora joan ahal izango dute.

Udaletik «barkamena» eskatu dute lanek «eragin ditzaketen eragozpenengatik», eta argitu dute aurreikusitako ordua baino lehen amaituko balira, errepidea zabalduko luketela «bestelako abisurik» eman gabe.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!