Alegiako liburutegiak ipuin lehiaketa bat antolatu du LH eta DBHko ikasleentzako. Hiru mailatan banatuko dituzte parte hartzaileak, adinaren arabera, eta azaroaren 29a izango da lanak aurkezteko azken eguna. Abenduaren 20an banatuko dituzte sariak eta kategoria bakoitzeko lehen bi sarituek opari-txartelak jasoko dituzte.
Aurkezten diren lanez, aurrez, beste inon aurkeztu eta saritu gabeak izan beharko dute, euskaraz idatziak eta egile bakoitzak, gehienez, bi lan aurkeztu ahal izango ditu. LH4, LH5 eta LH6 mailak A kategorian lehiatuko dira; DBH1 eta 2koak B kategorian; eta D kategoria osatuko dute DBH3 eta 4 mailetakoek. Mailaren arabera aldatu egingo da istorioen luzera: A kategoriakoek, gehienez, 75 hitzetako ipuinak aurkeztu ahal izango dituzte; B kategoriakoek, 100 hitzetakoak; eta D kategoriakoak, berriz, 150 hitzetakoak.
Ipuinen abiapuntutzat hartu beharko dute Txarli Gesteira alegiarrak diseinatutako ilustrazio bat, eta lehiaketan parte hartu ahal izango dute alegiarrak zein Alegiako eskoletan ikasten duten gaztetxoek. Baldintza guztiak eskuragarri daude Alegiako Udaleko web orrialdean, eta udalak «sormena lantzera» eta parte hartzera animatu nahi ditu gaztetxoak.