Elkarrizketa

«Beste proba asko irabazi ditut, baina hau Euskadiko Txapelketa da»

Imanol Garcia Landa 2024ko ira. 26a, 07:58

Paula Del Pozo alegiarrak denboraldia bukatu du Zumaiako Triatloian irabaziz, eta esprint modalitatean Euskadiko Txapelketa eskuratuz. Pozik dago nazioarte mailan salto bat eman duelako.

XVII. Zumaiako Triatloia irabazi zuen larunbatean Paula Del Pozok (Alegia, 2002), esprint modalitatean. Horrekin batera, modalitate horretako Gipuzkoako eta Euskadiko txapelduna bilakatu da. Madrilgo goi errendimendu zentro batean lau urte pasa ondoren, etxera itzultzea erabaki du. Hori bai, entrenatzen, hobetzen eta lehiatzen jarraitzea du helburu. Egun Peñota Dental Alusigma taldean dago.

Larunbatean Zumaiako Triatloia irabazi zenuen. Espero zenuen lorpena?

Euskal zirkuituan oso gutxi ibili naiz, eta orain etxera bueltatu naizela, Euskadiko txapela izan nahi nuen nire zerrendan. Ez dakit espero nuen, baina bai horren bila joan nintzela. Banekien jende asko zegoela, eta gero Ainhoa Murua eta Helene Alberdi ez zeuden, eta aukera berri bat nuen niretzako.

Nola izan zen proba? Hiru kiroletan azkarrena izan zinen.

Igeriketan korronte asko izan genituen. Lagun batek esan zidan kontuz ibiltzeko korronteekin, eta horiek baliatzeko, eta hor 30 segundo inguru lortu nituen. Gero bizikletara iritsi eta bakarrik joan nahi nuen, alde horrekin jokatuz. Korrika egitera bakarrik iritsi nintzen eta ikusi nuen bigarrengoari nahiko tarte ateratzen ari nintzela, eta orduan gozatu ahal izan nuen, familiakoekin eta jendearekin.

Zumaiako Triatloia lehenengo aldiz irabazi duzu?

Aurretik bi aldiz eginda nuen. Herrikoia egin nuen, baina bizikletan nindoala zulatua izan nuen eta ezin izan nuen bukatu. Bigarrengo aldia uste dut 2019an izan zela, eta laugarren geratu nintzen. Lehenengo atera nintzen uretatik, gero bizikletan harrapatu egin ninduten eta gero korrika ezin izan nuen ezer egin, lehertuta iritsi nintzelako. Hirugarrengoan txapela lortu ahal izan dut.

Euskadiko Txapelketa lortzeak zer suposatzen du?

Poztasun asko. Beste proba asko irabazi ditut, baina hau Euskadiko Txapelketa da, eta horrek poza ematen du, eta harrotasuna ere bai. Distantzia estandarrekoan, hau da, Olinpiar Jokoetan erabiltzen dena, ez dut Euskadiko Txapelketa, eta hori aurrera begira bada lortu nahi dudan zerbait.

Lau urte pasa dituzu Madrilgo goi errendimenduko zentro batean. Nolakoa izan da esperientzia?

Lau urte oso politak izan dira. Bai kirol arloan zein arlo pertsonalean askoz helduagoa egin naiz, heldutasun puntu hori lortu dut. Oso gogorrak izan dira ere, bai fisikoki eta mentalki, baina etxera bueltatu naiz; aldaketa bat behar nuen, nire burua etxean zegoen, eta nire gorputzak aldaketa bat eskatzen zuen. Nire kasuan ere dinamika txar baten sartzen zara; probetara joaten zara, lortzen dituzu zure helburuak, baina dagoeneko gozamen hori ez duzu lortzen. Niri gorputzak eta buruak etxera bueltatzea eskatzen zidaten, eta familiarekin eta lagunekin hitz eginda, etxera itzultzea erabaki genuen. Orain, mundu berean jarraituko dugu, beste bide batetik, baina helburuak argi izanik, eta lanean hasteko gogoz.

Kirola egiteaz gain, ikasketak egiten ari zinen Madrilen, eta orain ere jarraitzen duzu.

Hori da. Madrilera joan nintzenean batxilergoa bukatu nuen, eta gero kirol arloko goi mailako ziklo batean sartu nintzen; zentroan bertan aukera zegoen hori egiteko. Aurreko ikasturtean UCAM unibertsitatetik beka bat eman zidaten; kirolari askok bertan egiten dituzte ikasketak. Soin hezkuntzako ikasketak egiten ari naiz, orain bigarren mailan nago eta horrekin jarraituko dugu. Txikitatik kirola bizi izan dut, kirola pila bat gustatzen zait, nire bizitza kirola da eta horrela izaten jarraituko du oraingoz.

Nola izaten zen egunerokoa Madrilen?

Hor hotel moduko batean zaude. Zuk zure gela duzu eta bertan bakarrik zaude. Lagunak dituzu, taldekideak, baina gogorra da. Ni etxetik lau ordu eta erdira nengoen, eta etxera joateko ia denborarik ez nuen. Gabonetan, Astea Santuan eta udaran egoten nintzen, eta egun jakin batzuk. Azkenean, han duzun bizitza da, gure kirolean behintzat, zazpi egunetatik zazpietan entrenatzen, astelehenetik larunbatera goiz eta arratsaldez eta igandetan goizez, hiru edo lau orduz, eta gogorra egiten da.

Bestalde, kirolari bakoitzak bere helburuak jartzen ditu, eta horiek ez lortzea gogorragoa da. Ni ez naiz bosgarren postu batekin gustura geratzen, urrea nahi izaten dut eta horren bila noa beti. Bakoitzak bere mentalitatea du eta bere jokatzeko modua, eta hor ere akats txiki bat egon daitekeela uste dut.

Emaitzei dagokionez, lau urte hauetatik zer nabarmenduko zenuke?

Europako Txapelketara joateko aukera izan nuen, eta han zortzigarren izan nintzen 23 urtez azpiko mailan, 16. elite mailan, eta finalerako sailkatu nintzen. Munduko Kopan debuta egin dut, eta dagoeneko bitan egon naiz. Nazioartean postu onak lortu ditut: adibidez, Melillan hamar lehenengoetan sartzea. Mundu horretan sartzen zarenean, eta orain kanpotik ikusita, bai nabaritzen dudala salto bat eman dudala nazioarte mailan, eta baita estatu mailan. Aurreko urtean laugarren edo bosgarren izan nintzen Espainiako Txapelketako 23 urtez azpiko mailan, esprint distantzian, eta orain bi hilabete zortzigarren geratu nintzen elite mailan. Aurtengo emaitza nabarmenena Lievingo (Frantzia) Munduko Kopan izan da: B finalerako sailkatu eta laugarren geratu nintzen; oso pozik nago horrekin, Olinpiar Jokoetara zihoan jende asko zegoelako hor. Salto bat eman dut, baina salto handiago bat emateko gogoz eta prestatuta nago.

Zenbaterainoko zaila da Olinpiar Jokoetan parte hartzea triatloian?

Bi plaza bakarrik izaten dira Olinpiar Jokoetara joateko, eta hori lortzen da mundu mailako sailkapenaren arabera. Geroz eta jende gehiago dago maila altuarekin, eta geroz eta zailagoa da Olinpiar Jokoetara joatea. Zaila da, baina nire ametsa da, eta uste dut borroka horretan sartzeko gai izan naitekeela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!