Martxan dira Alegiako txintxarriak

Ataria 2024ko irailaren 23a

Dagoeneko 50 pertsona inguru daude izena emanda ibilaldi laburrean eta luzean; eta ibilaldietan parte hartu nahi duenak ostegunetan du horretarako aukera.

Alegian hasi du ikasturtea Txintxarriak Martxan ekimenak ere. Joan den astean egin zuten lehen ibilaldia eta, hemendik aurrera, ostegunetan egingo dituzte irteerak. Egitasmoak helburu du adinekoak animatzea ariketa fisikoa egitera eta elkarren arteko harremanak sustatzera; eta elkarlanean antolatzen dute herriko udalak, osasun-zentroak eta beste hainbat eragilek. 

Aurreko asteko saioan 50 adineko bildu zituzten, horietatik, hemezortzik egin zuten ibilaldi luzea eta, 32k, ibilaldi laburra. Behin jarduna amaituta, hamaiketakoa egin zuten.

Antolatzaileek azaldu dute zabalik dagoena izena emateko epea: «Oraindik izenik eman ez duen norbait baldin badago eta irteeretan parta hartu nahi badu, edozein ostegunetan 10:30ean plazara agertu daiteke eta izena eman. 11:00etan abiatzen dira Txintxarriak Martxanen irteerak eta behin izena emanda, parte hartu ahal izango da». 

Hari berari tiraka, Alegiako Udalak eskerrak eman nahi dizkie ekimena antolatzen eta irteeretan laguntzen ari diren eragile eta boluntario guztiei eta adinekoak Txintxarriak Martxanekin bat egitera animatu ditu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!