Gure herria mapatzeko auzolan digitala abiatu zuten duela urte batzuk Alegian. OSM OpenStreetMap aplikazioa darabilte horretarako, Open Database lizentziapean banatzen dena. Espazio kolaboratiboa da eta herritarrek hainbat tokiren xehetasunak gehitzen dituzte lankidetzan. Iñigo Balerdi Urrestarazu (Alegia, 1967) Tolosaldea LHIIko irakasle eta pedagogo digitalak abiatu zuen lana beste hainbat herritarrekin batera 2010 urte inguruan, eta bere iritzian ezagutza partekatzeko beste modu bat da auzolanean herria mapatzea: «Jakintza erregistratzeko modu bat da, toki izen horiek guztiak ondare bat dira, ahoz mantentzen ditugu, baina ez dira hurrengo belaunaldietara pasako, baldin eta nonbait gordeta geratzen ez badira». Digitalki toponimo horiek erregistratzeko aukera ematen du OSM mapa libre eta editagarriak egiteko erabiltzen den proiektuak.
2006an sortu zuten Alegian Txintxarrisfera blogosfera herriko hainbat eragileek elkarlanean. Antolatzen zituzten auzolan digitalen barruan 2009 urte inguruan ekin zioten herria mapatzeari, Balerdik gogoratzen duenez: «Ideia hori generabilen buruan, 'guk gure herria mapatzen ez badugu, kanpotik etorri eta haiek egingo dute'. Eta, gehienetan, mapatzen gaituztenak ez dira oso zintzoak izaten euskaldunekin. Beren parametroetan eta beren hizkuntzatan mapatzen gaituzte. Alegria de Oria, gure herria izendatzeko erabiltzen duten hori bera nahikoa adibide argia da».
Tagzania izeneko sistemarekin hasi ziren langintza horretan, baina hura erabilpen gabe geratu eta OSM proiektura pasa ziren berehala. Balerdik gisa honetako erreminta globalak erabiltzearen aldeko aldarria egin du, betiere tokiko ikuspegia emanez gero, ikuspegi glokala emanez gero alegia. Asmo horrekin 2009ko azaroan Ardiki mapping party bat antolatu zuten Alegian. «Horrelako frikiak gara eta horixe bururatu zitzaigun. Herriko datu bilketa egin genuen GPSarekin eta OSMra igo genituen, eta aitzakia horrekin, herria mapatu ostean, friki-poteo bat eta ardiki jana egin genituen. Kontzeptu globala gurera ekarri nahi izan genuen», dio eraldaketa digitalerako bultzatzaileak.
Erreminta erabilgarria
Hutsaren hurrengoa da erreminta hau erabiltzeko zailtasuna Balerdiren hitzetan. «Edonor moldatu daiteke». Ezagunagoa den Wikipediarekin alderatu du irakasleak eta OSM haren mapetako aldaera bezala aurkeztu du. «Wikipedia eduki askeko entziklopedia bat da, lankidetzaz editatua eta eleaniztuna. Mapekin berdina egiteko aukera ematen du OpenStreetMapek, norberak osatu ditzake toki izenak, etxeenak bezala, ibai, iturri, mendi eta bestelakoenak».
Toki jakin bati lotuta metadatu asko osatzeko aukera ematen du sistemak: izena, kalea, zenbakia, eraikin mota, azalera... «Alegian, gehienbat, izenean eta eraikinak zehazten egin dugu ahalegina. Baina aukera dago toki horrekin loturiko argazkiak edota interneteko estekak gehitzeko». Tolosaldea LHIIko irakaslearen ustez, gainera, lizentzia askeko proiektu bat izateak, datu horien «erreplikarako aukera» gehitzea dakar, Interneterako aplikazio askok OSM baitute informazio iturri. «Google edota Microsoft bezalakoak enpresa pribatuak dira eta euren interesei jarraitzen diete. Herrigintzan jardun nahi duenak ezin du horrelakoetan aritu, espazio komunitarioak bilatu behar ditu, eta proiektu hau bada horretarako tokia».
Iñigo Balerdi: «Herrigintzan jardun nahi duenak espazio komunitarioak bilatu behar ditu»
Alegian «oso prozesu polita» egin dutela nabarmendu du Balerdik, «toki izenak biltzea izan da gauzarik interesgarrienetako bat». Iturri ezberdinak erabili dituzte horretarako: «1980ko hamarkadan herriko mapa bat egin zuten, non kale izendegi eta etxeen izenak agertzen ziren, eta handik jasotakoak dira gero OSMn sartu ditugunetako batzuk. Kutxak bere garaian atera zuen liburu bat toponimoekin eta iturri hori ere baliatu dugu, baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren B5m.gipuzkoa.eus tresna ere». Dena den, ahozko transmisio horretan jarri du arreta pedagogo digitalak: «Denok ez dugu zertan digitalizazioan interesa eduki behar baina izan dezakegu ezagutza bat partekatzeko gogoa. Alegian, esate baterako, poteoaren garaian hizpidea jarri eta jende asko hasten zitzaigun etxe izenak botatzen».
Herriko memoria tailerrera egindako bisita du bereziki gogoan Balerdik. Oso esperientzia aberasgarria izan zela aipatu du, eta saioan parte hartu zuten adineko emakumeek euren ekarpena egin zioten proiektuari. «Herriari goitik behera errepasoa eman genion eta asko etxeko eskrituretan begiratuta etorri ziren saiora. Izen berriak, ezagutzen ez genituenak ere bildu genituen eta OSMn aurrekoei gehitu genizkien».
Txaraldea, Basabenea, Artzanea... etxe izen asko bildu dituzte prozesuan zehar. Aberenea egin zaio bitxien Balerdiri: «1600 urte ingurukoa da, eta herrian ez zuen inork erabiltzen. Askotan eraikinei edo bertan ezartzen diren zerbitzuei izenak asmatzen hasten gara, jatorrizko hauek izan badirela jakin gabe. Ez dugu zertan izen berriak asmatzen ibili behar». Horrelako erabakiak hartzeko ardura dutenek oinarri bat izan dezaten ere egiten dute lan hau auzolanean parte hartzen duten herritarrek.
Iñigo Balerdi: «Artisau lana da egiten ari garena, inon erregistratuta ez daudenez, izen horiek galdu ez daitezen»
«Ez du zorroztasun zientifikorik», aitortu du Balerdik. «Artisau lana da egiten ari garena. Inon erregistratuta ez daudenez, izen horiek galdu ez daitezen hor jaso ditugu gure asmo onenarekin. Herrigintza da, izen horiek gordetzea beste pretentsiorik ez dugu. Gero, benetan jakintsua den eruditu bat etortzen bada, onomastikan dakien filologo bat, oinarri bat izan dezala, eta zuzendu dezala guk egindakoa».
Lana zabaltzeko deia
Balerdik Alegian herrikideekin hasitako bidea Villabonara zabaldu du. Legarreta auzokoa zuen ama eta hango mapetan begiratzen hasita hasi zen ingurunea mapatzen. «Guk txikitatik ezagutu ditugun baserri eta soroak caserio edota building izenarekin etiketatuta ikusi nituen. Nire kautan esan nuen, 'ni bizi naizen artean leku horiek ez dute izen generiko hori izango'». Horrela ekin dio inguru hartako leku izenak mapatzeari eta Villabonako herritarren batek interesa agertu duela dio.
«Hori da interesgarria, kezka hori eduki eta jendea aktibatzea berezkoak ditugun izen horiek berreskuratzen. Herri txikietan errazagoa da, baina Tolosa bezalako batean ere, nik uste, egongo dela jende multzo bat prest egongo dena auzolan honetarako», aipatu du irakasleak.
Tnika Lanbide Heziketako ikerkuntza eta berrikuntza aplikatuko zentroan ere aritzen da lanean Balerdi, eta eraldaketa digitalerako bidean erremintei baino arreta gehiago jartzen die erreminten erabilerei. «Gure lanean digitalizazioak ikaskuntza prozesuari nola lagundu diezaioken aztertzen dugu. Tresna hauen erabilpen etikoaz, sozialaz eta filosofikoaz aritzen gara eta nolakotasunean egiten dugu azpimarra. Kasu honetan, ezagutza partekatu eta transmititzeko bide ematen digu OSM bezalako proiektu batek eta onura dakarkigun egiteko horren zerbitzura dago erreminta».
Hiri, herri eta auzoak mapatzeko zeregin honetan aritzen diren tokian tokiko boluntarioentzat, lan hau hobby bihurtzen da askotan. Etenik ez duen zeregin bat da, eta etengabe osatu daitekeena. Balerdik buruan dauzkan ideien artean OSM erabiltzeko gida bat osatzea dago. Bien bitartean herritarrak animatu ditu, auzolan digitalak abiatu ditzaten euren inguruneak mapatzeko.