Inaxio Begiristain Kirol eta Kultur Etxeak prest du ikasturte berrirako ikastaroen eskaintza

Ataria 2024ko abu. 20a, 18:00

Alegiako Udalak prest du 2024-2025 ikasturteari begira Inaxio Begiristain Kirol eta Kultur Etxean eskainiko duen ikastaro eta jardueren zerrenda. Aurten ere hiru jarduera izango dituzte herritarrek eskura: kardio dance, pilates eta hirugarren adinekoentzako gimnasia. Izena emateko epea irailaren 2tik 15era egongo da zabalik eta udal webgunetik egin beharko da.

Kardio Dancea 16 urtetik gorakoentzat eskainiko da. Astelehenetan eta asteazkenetan izango dira saioak 19:30etik 20:30era eta irailaren 16an hasiko da. Bazkideek 25 euro ordaindu beharko dute hilean eta bazkide ez direnek 51 euro.

Pilates saioak irailaren 16an eta 17an hasiko dira, taldearen arabera. Kasu honetan bi ordutegi eskainiko dira. Alde batetik, astelehenetan eta asteazkenetan 16:45etik 17:45era eta bestetik, asteartetan eta ostegunetan 19:00etatik 20:00etara. Izena ematen dutenek bi txandetako bat aukeratu beharko dute. Bazkideek 25 euro ordaindu beharko dute hilean eta bazkide ez direnek 51 euro.

Azkenik, hirugarren adinekoentzako gimnasia saioak ere eskainiko dira. Astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan izango dira saioak irailaren 16an hasita, 11:00etatik 12:00etara eta hilean 15 euro ordaindu beharko dira.

Ikastaro hauetan izena eman nahi dutenek irailaren 2tik 15era izango dute horretarako aukera. Irailaren 2an goizeko 9:00etan zabalduko da epea. Izena emateko, udal webguneko lehen orrialdean aurkituko duten jarduerei buruzko loturan sartu beharko dute eta bertan topatuko dute izena emateko formularioa. Ikastaroekin lotura duen informazio guztia webgune horretan zintzilikatuko da baina modu horretara lortu ezin dutenek, kultur etxean jaso ahal izango dute 10:00etatik 13:00era. Informazio gehiagorako edo zalantzak argitzeko, kultur etxera deitu daiteke 943 65 46 98 telefono zenbakira edo kultura@alegia.eus helbidera idatziz.

Izena ematerakoan, eskaerak jasotzen diren hurrenkeraren arabera banatuko direla plazak adierazi du udalak, eta ikastaroren batean izena ematen duenak urte osoari dagokion zenbatekoa ordaindu beharko dute, nahiz eta saio guztietara ez bertaratu.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!