Juan Joxe Agirre alegiarra omenduko du aldundiak

Ataria 2024ko uzt. 17a, 15:00

Beneditar eta artxibozaina 2021ean Lazkaoko fundazioaren atarian. Eneritz Maiz

Udazkenean egingo diote aitortza ekitaldia Lazkaon. Euskal historia garaikidea ezagutzeko ezinbestekoa den funtsa zainduz egin duen lanagatik jasoko du omenaldia.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Juan Joxe Agirre Begiristain (Alegia, 1930) omenduko du datorren udazkenean, Euskal Herriko memoria historikoaren eta hurbileko memoriaren alde egindako lan «nekaezin eta aitzindariagatik». Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendaritzak Lazkaoko Udalarekin eta Lazkaoko beneditarren komunitatearekin elkarlanean antolatuko du aitortza ekitaldia eta Lazkaon bertan egingo du.

Euskal Herriaren hurbileko memoriari egindako ekarpena errekonozituko du aldundiak omenaldiarekin, mende erdi aritu baita Agirre euskal historia garaikidea ezagutzeko ezinbestekoa den artxibo eta dokumentu funtsa zainduz. «Oraindik zereginik badugu ere, zorionez, azken hamarkadetan asko egin dugu aurrera Euskal Herriaren memoria historikoa eta hurbileko memoria ezagutu eta garatzeko garaian. Hori horrela izan dadin, Gipuzkoan eta Euskadin hainbat pertsona, elkarte eta erakundek izugarrizko lana egin dute eta horietako bat, zalantzarik gabe, Juan Joxe Agirre da», adierazi du Eider Mendoza diputatu nagusiak.

Mendozak Agirrek izan zuen «bisio eta ausardia» nabarmendu ditu, diktadurapean euskal kulturari eta politikari lotutako materialak biltzen hasi baitzen. «Eta hori gutxi balitz, bestelako mehatxuak sentitu eta jaso izan baditu ere, lanketa horri eutsi eta bere jakintza eta bizitza osoa eman dio ahalegin horri, gure herriaren historia eta gure herriaren bilakaeran azken hamarkadetan jazotako guztia ezagutzeko ezinbesteko funtsa sortuz, beti ikertzaileen eta gizarte osoaren eskuragarri jartzeko bokazioarekin», gehitu du diputatu nagusiak.

Mende erdiko ibilbide luzea

1970. urtean Lazkaoko beneditarren monasterioko bibliotekaren ardura hartu ondoren, Montserrateko abadian bibliotekonomia ikasketak egin, eta liburutegi eta artxiboetan gordetzen ez ziren funtsak biltzeari ekin zion Agirrek. Panfletoak, kartelak, pegatinak eta bestelako formatu bereziko dokumentuak eta erbestean nahiz klandestinitatean ateratzen zirenak biltzen hasi zen. Aldundiak nabarmendu du, euskal ondare dokumentalaren zati handi bat desagertzetik salbatu eta ikertzaileen esku utzi duela alegiarrak. 2011tik Lazkaoko Beneditarren Fundazioak kudeatzen du funtsa, monasterioaren ondoan eraikitako artxiboan. Besteak beste, 80.000 kartel, 35.000 pegatina, 8.000 aldizkari, 150etik gora bilduma dokumental eta dohaintzan jasotako 70 artxibo dauzka gordeta.

Aitortza bat baino gehiago egin zaizkio Agirreri urteotan. Sabino Arana saria jaso zuen 1995ean, Durangoko liburu eta disko azokako Argizaloia saria 1998an, Euskal Pen Klubaren ohorezko luma 2007an, Tolosako Galtzaundi saria 2009an, Manuel Irujo saria urte berean, eta Alegiako seme kuttun izendapena 2012an. Orain Gipuzkoako Foru Aldundiaren omenaldia jasoko du eta egin duen lan «nekaezina eta bidegilea» aitortuko diote. Hurbileko memoria justu baten eta kultura demokratikoaren alde egin izana da, diputatu nagusiaren hitzetan, Agirreren lorpen behinena: «Iraganeko akatsak ez errepikatzeko, gaurko eta biharko elkarbizitza bermatzeko, herri batek bere historia aztertu eta ezagutzeko aukera eduki behar du. Lurralde eta herri aurreratua izan nahi badugu, Giza Eskubideetan oinarritutako kultura politiko demokratiko sendo batekin aurrera egin, halako azpiegitura eta dokumentazio guneak ezinbestekoak ditugu. Ikerlari, historiagile eta gizarteak bere iragana eta oraina hobeto ulertzeko ezinbestekoak dira».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!