Alegiako jaiak 2024

Erretiratuen eta haurren txanda dute gaur

Ataria 2024ko uztailaren 15a

Ostiralean bota zuten txupinazoa Alegian udaletxeko balkoitik, eta jardueraz betetako asteburuaren ondotik, erretiratuen eta haurren eguna dute gaur.

Dianaren ondoren Txintxarriak Martxan taldeko kideek emanaldi «berezia» egin behar zuten Alegiako plazan, baina atzeratu egin dute eguraldia zela-eta. Hamaiketakoa udaletxeko arkupean egin dute, urtero bezala, eta 80 bat lagun bildu dituzte.

Ondoren, 12:00ak aldean, ikasturtean zehar prestatutako lauzpabost dantza eskaini dituzte Txintxarriak Martxan taldeko kideek eta, jarraian, dantzaldia izan dute Iñigo Etxenike DJarekin. Eguerdian haurren eta bazkaria egin dute, eta beste 80 haur eta nerabe inguru bildu dituzte.

Arratsaldera begira, haurrentzako parkea eta apar festa izango dituzte. Eta 19:00etan, berriz, bigarren dantzaldi bat ere izango da Jose Mari Orbegozo eta Txomin Carron DJaren eskutik. Hortik ordubetera, 20:00etan, herri osoarentzako bingoa egingo dute eta, 21:00etan, zahagiardoa. Eguna bukatzeko, berriz, Puro Relajo taldeak emango du kontzertua herriko plazako oholtzan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!