Gaur hasiko dituzte herriko festak Alegian. Egitarau ofizialeko txupinazoa ostiralean botako badute ere, gaur arratsaldean piztuko dute suziri alternatiboa, 19:00etan. Hortik aurrera, denetariko jarduerak izango dituzte bi egitarauetan, nola alternatiboan, hala ofizialean.
Andrea Larrañaga Alegiako Udaleko Kultur eta kirol zinegotziak azaldu duenez, «propio» proposatu dute Sutarri dantza taldea udaletxeko suziria botatzeko: «Hogeita bost urte ez dira nolanahi betetzen. Lan handia egin dute eta hori aitortzeko keinu bat izan zedin nahi genuen». Hasi eta buka, egitarau ofizialeko azken jardueretako bat baita, hain zuzen, dantza taldearen emanaldia. Herriko plazan egingo dute, 22:00etan, eta zinegotziak aurreratu du «berezia» izango dela.
Hainbat berrikuntza
Joan den urtean berreskuratu zuten sokamuturra hogei urtez egin gabe egon ondoren, eta «arrakasta» ikusita, aurten berriro egingo dutela aipatu du Larrañagak: «Iaz arrakasta handia izan zuen eta inguruko herrietatik ere gerturatu zen jendea». Aurten gainera, berrikuntza batekin dator: udaletxeko balkoitik ikusteko aukera zabaldu baitie herritarrei.
Bestalde, egun berean, igandean, beste berrikuntza bat ere izango dute: pentatloi erakustaldia eta apustua. Erakustaldia «profesionalek» egingo dutela azaldu du zinegotziak eta, horrez gain, hainbat herritar «animatu» eta euren artean nor baino nor gehiago arituko direla ere aipatu du.
Aipatutako jarduerez gain, beste bat ere egingo dute lehenengoz, hain zuzen, kotxe eta motor klasikoen elkarretaratzea. Azken hori larunbatean izango da, 10:00etan, San Juan kalean.
Urteroko hitzorduak
Ostiralean botako dute txupinazoa eta, urtero bezala, zubian zahagiardoa egingo dute, 21:00etan. Egitarau ofizialeko oholtza Baron Rojo taldeak estreinatuko du. Larrañagak azaldu du festa batzordean jaso zutela talde hori ekartzeko proposamena, eta egokia iruditu zitzaiela herritar «helduagoentzat» ere jaia antolatzeko.
Ostiralekoaz gain, urteroko beste zenbait hitzordu ere izango dituzte: dianak egunero; larunbatean, sagardo dastatzea eta bertsolariak; astelehenean, erretiratuen mendi irteera zein hamaiketakoa, haurrentzako parkea eta bazkaria; eta asteartean, Karmen egunean, haurrentzako tailerrak, ikuskizunak, txoka txapelketa eta, festak amaitzeko, Txintxarria igotzea.
Jaiak denentzat
Larrañaga zinegotziak azaldu du «adin eta gustu guztientzako» jarduerekin osatu dutela egitaraua «herritar guzti-guztiek» izan dezaten aukera «festaz gozatzeko». Bestalde, nabarmendu du datozen egunak «jai giroaz gozatzeko» izango direla «betiere, guztienganako errespetua mantenduz».
Horrez gain, festa batzordean lanean aritu diren «boluntario guztiei» eskerrak eman dizkie: «Emaitza orain ikusten da, baina otsailetik gabiltza lanean denok batera». Era berean nabarmendu du festan zehar «boluntario asko» arituko direla lanean, eta gaineratu du horiek gabe Alegiako jaiak ez liratekeela «posible izango».
ALEGIAKO JAIEN EGITARAUAK
FESTA ALTERNATIBOAK
-
GAUR, UZTAILAK 10
18:00. Ping pong txapelketako finalak.
19:00. Suziri alternatiboa.
19:00. Sagardo dastatzea Eider eta Maider trikitilariekin.
19:30. Elkartasun argazkia presoen eta iheslarien eta Palestinaren alde.
21:00. Zahagiardoa.
00:00. Auskalo erromeria.
06:00. Gaupasa egin dutenen argazkia. -
OSTEGUNA, UZTAILAK 11
16:00. Umeentzako merienda, futbolin eta ping pong.
16:30. Adin guztientzako zirku tailerra, Zurrumurru zirku teatro.
18:30. Kontzertu akustikoa: Ilargi.
21:00. Zahagiardoa.
22:30. Zentzu okerra eta Hauek taldeen kontzertua. -
OSTIRALA, UZTAILAK 12
13:00. Karro bertso poteoa.
14:30. Bazkari herrikoia; eta, ondoren, ahatetxo lasterketa eta aulki jokoa.
Ondoren. Distopia elektrotxaranga.
21:00. Zahagiardoa.
22:00. DJ Gaua: N-Lezz.
01:00. ASR.
04:30. Naza. -
LARUNBATA, UZTAILAK 13
18:00. Bi zaldi taldearen kontzertua.
21:00. Zahagiardoa.
23:00. Katu taldea.
00:30. DJ Tintz.
04:00. DJ Txekor. -
IGANDEA, UZTAILAK 14
21:00. Zahagiardoa.
22:30. Herriko bertsolariak.
Festen bukaera. Traka DJ Txinoren eskutik.
ALEGIAKO FESTAK
-
OSTIRALA, UZTAILAK 12
18:00. Erraldoiekin eta buruhandiekin eta Giro Arte dultzaina taldearekin kalejira; Larraitz auzotik
abiatuko da.
19:00. Txupinazoa Sutarri dantza taldearen eskutik (mende laurdena bete du aurten) eta, jarraian, txintxarriaren jaitsiera.
21:00. Zahagiardoa zubian.
23:00. Baron Rojo taldearen kontzertua. -
LARUNBATA, UZTAILAK 13
09:00. Giro Arte dultzaina taldeak alaituriko diana.
10:00. Kotxe eta moto klasikoen kontzentrazioa San Juan kalean.
11:00. Irrati zaharren erakusketa plazan.
12:00. Sagardo dastaketa sardina eta txorizo erreekin.
17:00. Haurrentzako emanaldia Xaibor DJaren eskutik.
19:00. Bertso saioa, plazan. Bertsolariak: Andoni Egaña, Aitor Mendiluze, Maialen Lujanbio eta OIhana Iguaran bertsolariak plazan.
Gai jartzailea: Imanol Artola felix.
21:00. Zahagiardoa Larraitz auzoan.
22:00. Eletrotxufla taldea herriko kaleetan zehar Larraitz auzotik abiatuta.
00:00. DJ Risas. -
IGANDEA, UZTAILAK 14
09:30. Diana herriko txistulariek
girotuta.
11:00. Erraldoiak dultzaineroekin elizatik abiatuta.
12:15. La Jodedera taldearen emanaldia; eta, ondoren. Iraunkorrak txaranga egun guztian herriko kaleetan zehar.
17:00. Sokamuturra plazan.
18:30. Erraldoien kalejira.
19:00. Pentatloi erakustaldia eta herrikideen apustua eskolako patioan.
21:00. Zahagiardoa zubian.
22:30. Muxutruk taldearen erromeria. -
ASTELEHENA, UZTAILAK 15
09:30. Diana herriko trikitilariekin.
10:30. Txintxarriak Martxaneko kideen emanaldia plazan.
11:00. Herriko jubilatu guztientzat hamaiketakoa; eta, ondoren. Iñigo Etxenike DJarekin dantzaldia.
11:00-14:00. Haur parkea eskolako patioan.
14:00. Haur eta nerabeen bazkaria plazan.
16:30. Haur parkea.
18:30. Apar festa.
19:00. Dantzaldia Jose Mari Orbegozo eta Txomin Carron DJarekin.
20:00. Bingoa herri osoarentzat.
21:00. Zahagiardoa plazan.
22:30. Puro Relajo taldearen kontzertua. -
ASTEARTEA, UZTAILAK 16
09:00. Diana herriko musikariekin.
10:00-12:00. Haurrentzako tailerrak Txintxarri Gaztelekuaren eskutik, eskolako patioan.
12:15. 'Errimak bi oinetan' emanaldia herriko plazan, Haatik konpainiaren eskutik.
17:30. Haurrentzako toka txapelketa, plazan; eta, ondoren, merienda izango dute.
18:30. Herritarren arteko toka txapelketa.
19:30. Joxe Mendizabalekin erromeria.
21:00. Zahagiardoa plazan.
22:00. Sutarri dantza taldearen emanaldia plazan; eta, ondoren, dantzaldia Joxe Mendizabalekin.
00:00. Txintxarriaren igoera eta jaiak agurtzea.