Lau lagun oholtzaren gainean eta «plaza handia» baldin bada, tarteka, bosgarren bat. Erritmoetan, musika kubatarraren eta euskaldunaren arteko nahastea eta, bozgorailuetan, denetariko abestiak: bertsioak eta, batez ere, propioak. Hamabost urte atzera sortu zuten La Jodedera taldea eta kalean urratu zuten, lehenengoz, isiltasuna. Alegian igandean, uztailaren 14an, igoko dira oholtzara, 12:15ean.
Ez da nolanahiko taldea, andoaindar bat, leitzar bat eta bi kubatar; eta horixe nabaritzen da euren musikaren estiloan ere: euskal musikaren eta kubatarraren arteko nahastea. Kubatarrek «de jodedera» erabiltzen omen dute parranda adierazteko, eta hari horri tiraka proposatu zuen izena Jon Casares taldeko abeslari eta gitarra jotzaileak: «Musika dantzagarria egiten dugu; eguneroko kontuei abesten diegu eta ez gara isilik geratzekoak». Izena taldearen «izaerarekin bat» doalakoan dago, eta «propio» bilatu zuten zerbait dela ere nabarmendu du: «Beste musika estilo batetik heldu ginen, barneratuta genituen izen probokatzaile edo bihurri samarrak. Zer esango dut ba, La polla records eta halakoetatik gentozen [barrez]. La Jodedera nahiko suabea da horren ondoan [barrez, oraindik]».
Jon Casares: «Musika dantzagarria egiten dugu; eguneroko kontuei abestu eta ez gara isilik geratzekoak»
Haren esanetan «adin guztietako» jendea gerturatzen zaie kontzertuetara: «Duela gutxi Barañainen (Nafarroa) jo genuen eta, aizu, jendeak dantza asko egin zuen! Guretzat, hori, nahikoa da». Horrez gain, «uste baino» jarraitzaile gehiago dituztela ere kontatu du, eta Ultzaman (Nafarroa) jo zuten beste kontzertu batean hogei bat urteko neska kuadrilla bat gerturatu eta «aspaldian» jo ez zuten kanta bat eskatu omen zieten: Bihotz isila. «Goitik behera zekizkiten hitzak; haien kuadrillako abestia zela esan ez ziguten ba! Hori entzunda puztu egin ginen, a ze ohorea guretzat».
Hamabost urte taula gainean
Hamarkada eta erdiko ibilbidean hiru disko argitaratu dituzte, hurrenez hurren, Karibe Kantauri kantari (2013), Aio kurrillo! (2014) eta Finisterretik haruntza (2024). «Dantzatzeko estilo asko» bildu dituzte kanten artean, besteak beste, cumbia, saltsa eta son zein changüi kubatarrak. Musika estilo horiek Kuban «sustrai herrikoiak» dituztela nabarmendu du Casaresek, eta «oso bereziak» direla.
Zentzu berean, gitarra jotzaileak kontatu du «txoratu» egiten duela musika kubatarrak, baina aurretik beste estilo batzuetan ibili direla ere aitortu du: «Gaztetxeetako urte haiek eragina izan zuten: rock-and-roll musika, punka... Baina, gaur egun, gitarra jotzeko moduan gero eta gehiago nabaritzen dut gertuago nagoela Kubako estilotik». Euskal musika herrikoia ere lantzen dutela ere esan du, besteak beste, fandangoa eta arin-arina.
Dena dela, bi estiloak nahasteak «lan handia» eskatzen duela nabarmendu du Casaresek: «Ez gara akademikoak, eta probatzea da gure lan egiteko modua. Horrek, konposatze garaian, lan handia eta ordu asko eskatzen ditu». Hori ez omen da, ordea, zailtasun bakarra: gitarra jotzaileak azaldu du sorterrian musikari profesionalak zirela taldekide kubatarrak, eta «asko» kostatzen zaiela beste erritmo batzuetara egokitzea: «Ez da batere erraza. Haiek Kuban musikari profesionalak ziren eta oso barneratuta dituzte euren erritmoak. Saiatzen gara batetik eta bestetik engainatzen hemengo erritmoak jo ditzaten, baina ez dago modurik [barrez]».
Euren musika «oso herrikoia eta sustraitua» delakoan dago Casares, eta gogobeteta hitz egin du formatuaren inguruan: «Sustrai herrikoiak ditugu, eta gure soinua halakoa da. Niri, gainera, horixe gustatzen zait». Zentzu horretan, euren musika «nahiko basatia» dela uste du, eta hori dela euren «bereizgarrietako bat». Kontrara, talde eta orkestra handiak ez ditu gustuko leitzarrak: «Ikaragarri ondo jotzen dute, zalantzarik gabe; baina nik nahiago dut musika soilagoa». Denek, ordea, ez omen dituzte gustu berdinak: «Han ohitura edo joera handia dute: eta pianoa sartzen badugu? Eta hau? Eta beste hau? Eta, horrela, eszenatoki gainean hamabi. Talde zoragarriak daude, baina ni ez naute konbentzitzen».
Hizkuntzaren erronka, musika talde batean
Bi musika motak bateratzea ez da taldearen erronka bakarra eta argi azaldu du Casaresek: «Neure buruari jartzen diodan erronka da euskaraz izatea, gutxienez, abestien erdiak». Euskaraz osorik egitea «oso zaila» izango litzateke gitarra jotzailearen hitzetan. Euskaltegian ibili omen da taldekide kubatarretako bat, baina ez omen du lortu guztia euskaraz egiteko adina gaitasun. «Koruak egiteko moldatzen dira eta zenbait hitz abesteko ere bai. Baina ez dira moldatzen orokorrean abesteko bezainbeste».
Bada, ordea, salbuespenik ere, esate baterako, Ixil ixilik dago abestia goitik behera abesten dute euskaraz taldekide guztiek. Barre txikiarekin hitz egin du Casaresek: «Hainbeste jo eta errepikatu dugunez, azkenerako ikasi dute». Eta hori omen da, hain zuzen, ikasteko darabilten modua: euskarazko abestiak behin eta berriro kantatzen ditu Casaresek, kubatarrek buruz ikas ditzaten. «Errepikak ikastea ez da lan handia, baina hizkuntza ez dutenez erabat ondo menperatzen, zailagoa da hitzen zati luzeagoak ikastea». Hori horrela, abestia euskaraz bada, oro har, Casaresek abesten du eta gainerakoek egiten dituzte koruak. Gitarra jotzaileak ez du, baina, amore emateko asmorik erakutsi: «Irakastea gogor samarra izaten da, baina egin egin behar da».
Musikagatiko pasioa, irauteko gako
Ez dira berehalakoan betetzen hamabost urte, eta horretarako gakoa zein den galdetuta, argi du erantzuna Casaresek: «Musikagatik dugun pasioa». Dena dela, izaten omen dituzte eztabaidak: «Kultura ezberdinak hor daude eta gure artean negoziaketa asko egoten da [barrez]. Baina kontzertuetan musikarekin jendea gozatzen ikustean ahaztu egiten dituzu halako errietak».
Eztabaidez harago, baina, hamabost urtean taldea garatu delakoan dago Casares, eta zentzu askotan nabaritzen dela uste du: «Musikalki egon da garapen bat: elkar hobeto ezagutzen dugu eta hori inprobisatzeko garaian asko nabaritzen da. Horrez gain, elkarren keinuak eta trikimailuak ere ikasi ditugu». La Jodederak «kalitate polita» du gitarra jotzailearen iritziz, eta jardunean daramaten denboran lortu dute zenbait erronka gainditzea ere: «Urte hauetan egokitzen ere ikasi dugu: soinu aldetik leku zailetan doinu txukuna ateratzeko gai izan gara. Esperientzia da hori, eta polita da erronkak gainditzeak».
Jon Casares: «Jotzen dugun estiloan eta moduan gauza batzuk zoragarriak dira, zoragarriak»
Lekuaren inguruan, ordea, iritzi argia du Casaresek: «Joaten garen tokira joaten garela, ez gara kexatuko. Horretan nabaritzen da kaleko taldea garela». Eskaintzen dieten horretara egokitzen direla nabarmendu du, eta antolatzaileen lanak «meritu handia» du haren hitzetan. Musika taldearen esperientzia hitz gutxitan laburtu du: «Jotzen dugun estiloan eta moduan gauza batzuk zoragarriak dira, zoragarriak».
Alegiatik harago
«Alegian gustura joko dugu, ezagutzen dugu plaza», horrela hitz egin du Casaresek igandeko emanaldiaren inguruan. Uztailean zazpi kontzertu inguru egingo ditu La Jodederak; beraz, izango du taldea ikusteko beste aukerarik Alegiara bertaratu ezin duenak. Azaldu dutenez, Donostiako portuan joko dute Karmen jaietan eta, dagoeneko, urteroko hitzordu bilakatu omen da: «Urtero errepikatzen denez, kontzertu polita izaten da: giro berezia sortzen da. Horrez gain, Leitzan ere urtero jotzen dugu».
Guztira, 30 bat emanaldi egiten omen dituzte urtean, eta gehiago ez dituela nahi nabarmendu du gitarra jotzaileak: «Besteek askotan esaten dute hartzeko eta hartzeko, baina nik nahikoa dut horiekin. Kopuru polita da». Lehen gehiago jotzen omen zuten gauez eta, gaur egun, berriz, nahiago dituzte eguerdiko eta arratsaldeko kontzertuak: «Gazteak ginenean nahiago genuen kontzertua gauez izatea. Baina, gaur egun, hobeto moldatzen gara eguerdian edo arratsaldean. Beste gauza batzuk ere egin behar izaten ditugu eta orain daukaguna ordutegi polita da, ez gaitu asko mugatzen».