Datorren astean hasiko dira Alegiako jaiak, eta horien antolakuntzan azken egunak dituzte alegiarrek. Alegiako festa batzordeak kamisetak egin ditu festetarako, eta bihar, 13:00ean, bukatuko da eskatzeko epea. Kamiseta nahi duenak kultur etxean eskatu beharko du, eta enkargua egitearekin batera adierazi beharko du neurria, eta txartelarekin ordaindu prezioa: 8 euro. Prestatzen dituztenean jakinaraziko dute eta jasotzera joan beharko dute herritarrek.
Bestalde, parte hartu nahi badute festetako zenbait jardueretan izena eman beharko dute adinekoek eta haurrek. Horietako bat da sokamuturra. Udaletik ikuskizuna udaletxeko balkoitik ikusteko aukera zabaldu dute, eta lekua mugatua dela-eta, zozketa antolatu dute. LH-1etik LH-6ra bitarteko haurrek eman ahal izango dute izena, eta 70 urtetik gorako adinekoek. Bestalde udaletik ohartarazi dute balkoian zutik egon beharko dela, eta ezingo dela gurpildun aulkian bertaratu.
Haurrak eta erretiratuak
Uztailaren 15ean, Karmen egunaren bezperan, erretiratuen hamaiketakoa eta haurren zein nerabeen bazkaria egingo dute; eta bietan ala bietan, aurretik eman behar da izena. Egun horretan, erretiratuek Txintxarriak martxan ekimenekoen saioa izango dute aurretik, eta hamaiketakoan izena eman dezakete udaleko web orrialdean zein kultur etxean; uztailaren 7a izango dute horretarako azken eguna.
Haurren eta nerabeen bazkarirako Alegiako Udalaren web orrialdean eman behar da izena, eta hori egitearekin batera adierazi beharko dute ea alergiarik duten edo ez. LH-1etik DBH-4ra bitarteko gazteei dago bideratuta bazkaria.