Iñaki Artolak min hartu du soleoan eta bertan behera geratu da ostiraleko Alegiako jaialdia

Ataria 2024ko ekainaren 25a

Iñaki Artolak minduta du ezker hankako soleoa eta ez du ostiralean Alegian jokatuko. Baikotik jakinarazi dutenez, jaialdia bertan behera geratu da, eta ostiralerako internet bidez erositako sarreren dirua automatikoki itzuliko da.

Joan den ostiralean lesionatu zen Iñaki Artola, Arrasaten jokatu zuen partidan. Hurrengo kanporaketa Jon Ander Peñaren aurka jokatu behar zuen, hau da, San Fermin Lau eta erdiko Txapelketako final-laurdenetako kanporaketa. Baikotik azaldu dutenez, orain Artolak fisioterapia tratamendua hasiko du.

Peña tolosarrak, beraz, txapelketan aurrera jarraitzen du, eta finalerdietan Jaka edo Laso izango du aurkari.

Sarreren dirua

Intxurre pilota eskolatik ere albistea baieztatu dute. Jaialdiko sarrerak erosi dituztenek ondorengo bi egunetan izango dute dirua berreskuratzeko aukera. Bihar, asteazkena, 19:00etatik 20:30era egongo dira kultur etxean Intxurreko kideak. Ostegunean ere gauza bera egingo dute, leku eta ordu berean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!