Lehen mailako pilotariak Alegiako Elorri pilotalekuan

Ataria 2024ko ekainaren 20a

Ekainaren 28an izango da pilota jaialdia, eta Iñaki Artola herriko pilotariak parte hartuko du. Sarrerak aurretik kultur eta kirol etxean erosi daitezke.

Pilota jaialdi berezia egingo da ekainaren 28an, ostirala, Alegiako Elorri pilotalekuan, 19:30ean hasita. Bi partida izango dira ikusgai jaialdian. Batetik, lau eta erdiko San Fermin Torneoko final-laurdenetako kanporaketa izango da jokoan, Baikoren adarretik. Bihar jokatuko diren bi partidetako irabazleak ariko dira elkarren aurka Alegian: Iñaki Artola alegiarrak Zubizarreta III.aren aurka jokatuko du Arrasaten, eta Peña II.a Urrutikoetxearen aurka ariko da Zaldibarren.

Bestetik, binakako partida izango da jokoan. Senar eta Albisu ataundarrek osatutako bikotea ariko da lehian, eta beste bikotea biharko partiden arabera erabakiko da: Artolak ez badu irabazten berak jokatuko du binakakoa, eta irabazten badu, Urrutikoetxea eta Peña II.aren arteko partidako galtzaileak jokatuko du; garbi dagoena da Iztueta izango dela atzelaria.

Jaialdirako sarrerak aurretik daude salgai Entradasfronton.com helbidean eta Alegiako kultur eta kirol etxean. Bigarren kasuan, egutegia eta ordutegia ondorengoa izango da: ekainak 20, 21, 26 eta 27, 19:00etatik 20:30era.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!