ERREPORTAJEA

Dantza ardatz, eta zerua zoru

Aitor Arroyo Askarai 2024ko eka. 21a, 07:56

Harrobi dantza bertikal taldeak 'Geurera' ikuskizuna eskainiko du Alegian. ATARIA

Alegian gaur egingo du Geurera ikuskizuna Harrobi dantza bertikaleko taldeak, 22:00etan, Elorri pilotalekuan; arte eszenikoetako Max sarietan, kaleko ikuskizun onenaren izendapena jasotzeko hautagaietako bat da.

Jauzian. Zabuka. Dilindan. Dantzan. Soilik argazkiei begira ezin asma liteke zer den goi eta zer behe. Etzanda, zutik; eta, airean, zintzilik. Dantza bertikala da eta, gaur, Alegian izango da ikusteko parada: Harrobi taldeak Geurera ikuskizuna egingo du Elorri pilotalekuan, 22:00etan. «Musikaren, irudien eta dantzaren arteko fusio koordinatu bat», horrela definitu du emanaldia Janire Etxabe zuzendari artistikoak. Memoria historikoa, kultura eta mitologia izaten ditu lanabes Etxabek, eta «bereziki» nabaritzen omen dira horiek Geurera lanean: «Dramaturgian era poetiko batean kontatzen da, mitologiatik abiatuta, Euskal Herrian garai batean gertatu zen sorgin ehiza».

Arnesarekin eta korda batetik zintzilik egiten dute dantza. Oinen zoru, euskarri bertikala; eta gainazal horretatik abiatuta sortzen dituzte mugimenduak. Geurera emanaldia egiteko, gutxienez, hamaika metroko pareta behar dute eta, Etxabek azaldu duenez, eseki izan dira 30 metroko garaieratik ere. Hori gutxi ez, eta ikuskizunak hormetan egiteaz harago, zintzilikatu izan dira bestelako lekuetan ere: «Donostiako Kursaalean eskegi ginen orain bi urte, eta Bilboko Carola garabian ere egin genuen dantza». Entseguak —edo entrenamenduak— Gautegiz Arteagako (Bizkaia) pilotalekuan egiten dituzte, hamabi edo hamahiru metro inguruko pareta batean.

Zentzumenen pizgarri

Emanaldiak 30 minutu inguruz uztartzen ditu musika, literatura, dantza eta bideo mapping-a. Juantxo Zeberiok doinua eman dio ikuskizunari; Toti Martinez de Lezeak, olerkiak; eta Paco Gramajek osatu ditu mapping-erako irudiak. Neke-barrez kontatu du Etxabek «imajinatu ezinezko» lana dagoela atzean: «Bi urte inguruko lana dago atzean: istorioa idatzi, mendira joan, planoak grabatu, ilustrazioak topatu eta baimenak eskatu, koreografia eta jantziak sortu eta osatu... Lantalde handi baten kristoren lana dago hor». 

Eta ereindako haziak hasi dira ernatzen: kale ikuskizun onenaren saria jasotzeko izendatu baitute Geurera aurtengo arte eszenikoen Max sarietan. «Ez genuen espero eta kristoren ilusioa egin digu bigarren aldiz hori jasotzeak». Ez baita, hain zuzen, finalera iristen diren lehen aldia: Harria, herria lanarekin, Harrobi dantza bertikaleko lehen ekoizpenarekin, ere lortu baitzuten izendapen bera. Uztailaren lehenean ebatziko dituzte saridunak eta «oso pozik eta gogotsu» daudela aipatu du Etxabe zuzendari artistikoak. 

Ez dira, baina, denak poz jauzi eta zabuak. Emanaldiak sortzeko, entseatzeko eta lortzeko lanetik harago, «denbora asko» ematen omen du txostenak idazten, «gauzak» justifikatzen eta, oro har, administrazio lanean; hori guztia diru laguntzak lortzeko egiten omen du, hori baita «sorkuntza lanaren» euskarrietako bat. Ildo berean, «ikusten ez den» lanaren aldeko aldarria ere egin du: «Dantza konpainia guztiok esaten dugu —bai bertikalak, bai bertikalak ez direnak—, batzuetan, ez zaiola baliorik ematen atzean dagoen lan guztiari». Zentzu horretan, emanaldien prezioa lantalde guztia ordaintzeko dela ere nabarmendu du, eta horien lanak «dagokion ordainsaria» jasotzea merezi duela. Dena dela, «batzuetan ez da erraza», ere adierazi du.

Sortze hariak

Azaldu duenez, sorkuntzako «zutabe garrantzitsuenak» ditu euskara, emakumearen irudia, memoria historikoa eta euskal kultura zabaltzea. Eta, horiek oinarri hartuta, sorginen ehizari buruzko pasarte bat kontatuko dute Alegiako ikuskizunean. Geurera ez da, ordea, Harrobiren obra bakarra. Hain zuzen, oholtzarako prest dituzte oraindik aurretik sortutako ikuskizunak, besteak beste, oraintsu aipatutako Harria, herria eta Dendu. Bada, ordea, berritasunik ere: Atxine, bakarkako lehen obra, argitaratu berri baitu Janire Etxabek. 

 

«Gogorra izan da. Beldur handia ematen zidan oholtzan bakarrik ateratzeak»

 

«Gogorra izan da. Beldur handia ematen zidan oholtzaren gainean bakarrik ateratzeak, paretarik gabe eta gauza berri bat egiten». Emakume bat bakarrik agertzen da taula gainean, sorgin irudizko burukoa eta jantziak soinean. Aurkezpenean dioenez, pertsonaiak bizi zikloaren bidean duen karga emozionalari eta kulturalari erreparatuko dio sinbologiaz aldatzen joango den objektu batekin; bertatik jaioko da, bertan babestu eta bertatik isuriko ditu ahotsa, odola, izerdia eta bizitza. 

 

«Beste ate bat ireki nahi nuen arnesarekin eta sokarekin nire proiektuetan»

 

Maiatzaren azken egunean estreinatu zuen eta dena «ondo» joan zela azaldu du Etxabek: «Pozik geratu nintzen eta baita lantaldea ere. Eta publikoari ere gustatu zitzaiola esango nuke». Berriro dantzatzeko eta beste nonbait aurkezteko «gogotsu» omen dago, izan kalean zein aretoan: «Beste ate bat ireki nahi nuen arnesarekin eta sokarekin nire proiektuetan, eta hauxe izan da emaitza».

Ezusteko aurkikuntza

Gezurra badirudi ere, «kasualitatez» egin zuen dantza bertikalarekin topo Janire Etxabek. Mendiko pareta bat eskalatu eta kidearen zain zegoela, sokarekin dilindan eta saltoka aritzea otu zitzaion, aspertzea saihesteko. Bada, horretan ari zela bi mendizale frantses gerturatu eta ea dantza bertikalean ari ote zen galdetu zioten; eta, paretatik jaitsitakoan, Antoine Le Menestrel eskalatzaile eta dantzariaren saio bateko bideo bat erakutsi.

Hasieratik liluratu zuen dantza diziplina hark: «Hura ikusi nuenean guztiz maitemindu nintzen eta argi izan nuen horretan jarri nahi nuela fokua». «Sokarekiko harremana» aurretik datorkion zerbait dela ere azaldu du: «Izan paretak eskalatzen, elurretan alpinismo egiten... Sokarekin beti lotura handia izan dut. Dantza bertikala niretzat izan da sokarekin lanean etengabe aritzeko beste modu bat».

Topo egin eta murgildu, bat izan ziren Etxaberen kasuan, eta berehala bilatu zituen erreferenteak ere. Hain zuzen, horien eragina nabaritzen omen da bere sorkuntzetan: «Aitzindariengandik asko hartu dugu. Batzuk aipatzeagatik: Wanda Moretti, Lindsey Butcher, Roel Seeber, Antoine Le Menestrel, Magalie Lanriot...». Bakoitzak «estilo eta teknika propioak» ditu Etxaberen begietan; eta zertzelada «ezberdinak» dituztela ere suma omen daiteke: batzuk «oso teknikoak»; beste batzuk «oso garaikideak», eta besteren batzuk «oso performatiboak». «Guztietatik edan» duelakoan dago Etxabe, eta bere estiloa nahasketatzat badu ere, aitortu du «asko» gustatzen zaizkiola forma geometrikoak zein lerroak, eta maite duela euskal dantzetako «kutsua» sartzea ere.

Airean zailduak

Gauza jakina da dantzarako oin arinak behar direla; bada, gorputz osoko lanketara egiten du jauzi horrek dantza bertikalean. Zuzendari artistikoak azaldu duenez, «sasoi betean» egon behar dute dantzariek eta «ikaragarri garrantzitsuak» dira emanaldi aurreko zein osteko beroketak eta luzaketak. «Dantza bertikalean ohikoak izaten dira lesioak, batez ere, hasieran. Ikasketa prozesuan zaudenean oraindik gorputza ez dago plano horretara egokituta edo ohituta». Hortik harago, gehitu du grabitatearen aurka «hainbeste denboran» zintzilik egotea «mingarria» izan daitekeela, eta gorputza horretarako «pausoz pauso» prestatu behar dela.

Hari berari tiraka, kontatu du ezberdina dela pareta batean edo bestean dantza egitea. Izatez, horma motaren arabera aldatu egiten da eurak zintzilikatzeko euskarria eta, horrek, aldi berean, «kristoren eragina» omen du mugimenduetan. «Ez dauka zerikusirik mendiko arroka batean dantzatzeak, frontoi bateko paretan dantzatzearekin». Gertatu izan zaie sorkuntzak egokitu behar izatea ere, ez zelako posible bere horretan egitea suertatutako lekuan. Eta nola ez, badu leku kutun bat ere: «Anboto mendia, niretzat, etxea da. Gustuko dut bakarrik igotzea, soka bota eta dantzatzea edo sokarik gabe bertan egotea. Han inspiratzen naiz, lotuago sentitzen naiz mitologiarekin, gure kulturarekin... Harreman berezia da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!