'Alegitalent' lehiaketan parte hartzeko epea uztailaren 4an amaituko da

Ataria 2024ko ekainaren 17a

Alegiako festen une bat, 2022an.

Alegiako jaien barruan, uztailaren 16an egingo dute jarduera. Taldeka zein banaka eman ahal izango da izena.

Alegiako festen barruan egingo dute Alegitalent lehiaketa, uztailaren 16an. Festa batzordeak antolatu du eta adin guztietako norbanakoek zein taldeek hartu ahal izango dute parte. Izena emateko epea zabalik dago eta uztailaren 4a izango da horretarako azken eguna. Kultur etxean eman beharko da izena eta hainbat datu zehaztu beharko dira.

Entseguak egiteko kultur etxeko gela bat egokituko du Alegiako Udalak. Astelehenetik ostiralera erabili ahal izango da ,17:00etatik 20:00etara, eta erabiltzaileek ordubeteko entseguak egin ahal izango dituzte. Orduak erreserba taula baten bidez esleituko dituzte.

Lehiaketak irabazle bakarra izango du eta egunean bertan emango dute saria. Festa batzordeko kideek osatuko dute epaimahaia eta hainbat irizpide hartuko dituzte kontuan, besteak beste, talentua, originaltasuna eta euskararen presentzia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!