Elorri-Aldapa Gipuzkoako lehen mailara igo da

Ataria 2024ko mai. 17a, 17:57

Alegiako saskibaloi taldeak asteburuan irabazi zuen Hernaniren aurkako partida, eta mailaz igotzea lortu du. 

Elorri-Aldapa saskibaloi taldea datorren denboraldian Gipuzkoako lehen mailan ariko da, asteburuan Hernaniren aurka 77-61 irabazi ondoren. «Lorpen handia da taldearentzat», esan du Mikel Garaikoetxea entrenatzaileak. «Orain dela bost urte hasi ginen, pandemiaren aurretik, eta pandemiak berak gorabeherak sortu zizkigun taldearen hazte prozesuan. Herriko jendea oinarri duen talde batentzako, hirugarren mailan hasi eta lau denboralditan lehen mailara igotzeak asko suposatzen du».

Alegian saskibaloia sustatzen ari direla esan du Garaikoetxeak: «Jendeari gustatu egiten zaio. Lortu dugu inoiz saskibaloia gustatu ez zaion jendea larunbat arratsaldetan Elorri pilotalekura hurbiltzea, eta arratsalde pasa polita izatea, eta guretzat horrek asko balio du». Gipuzkoako lehen mailatik gora ezin du jokatu Elorri-Aldapak, bere azpiegituren ezaugarriak direla eta. Izan ere, Elorri pilotalekuan jokatzen dituzte etxeko partidak, eta Gipuzkoako mailatik gora, nazional mailan, ezin dute lehiatu modu horretara. «Guretzat lortu daitekeen maila altuena da Gipuzkoako lehen maila», zehaztu du entrenatzaileak. «Gipuzkoa mailan saskibaloian jokatu duen jende oso ona dago, eta guk poz handia dugu lan asko egin delako, eta saskibaloia bezalako kirol batek bere lekutxoa egin duelako herrian. Lortu dugu giza talde izugarri bat izatea, lanerako prest, eta gogo eta lan horren ondorio izan da igoera lortzea». Hurrengo denboraldian «disfrutatzera» joan direla gaineratu du Garaikoetxeak: «Saiatuko gara talde bera izaten, eta datorren denboraldian partida politak, lehiakorrak, izango ditugu, eta irabazi ala galdu disfrutatzeko urte bat izango da, datorrena datorrela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!