Datorren astearte gauean itxita egongo da Alegiako irteera baten ingurua

Ataria 2024ko maiatzaren 9a

Alegiako Auzo Txikia ingurua, non errepidea konpontzeko lanak egingo dituzten. GOOGLE MAPS

Maiatzaren 14ko 22:00etatik hurrengo eguneko 06:00etara bi noranzkoetan erabat moztuta egongo da Alegiako Auzo txiki inguruko errepidea.

Datorren astearte gauean, maiatzaren 14an, bi noranzkoetan erabat itxita egongo da errepidea Alegiako 431. irteeratik –Gasteizko noranzkoan, lehen irteera– GI-2131 eta GI-2133 errepideen arteko elkarguneraino –Altzora edo Amezketara joateko errepidearen elkargunea–.

Inguru horretako errepideko zorua konpontzeko lanak egin behar dituztela-eta, maiatzaren 14ko 22:00etatik hurrengo eguneko 06:00etara moztuko dute bidea. Lanek iraun bitartean Alegiara joateko edo bertatik ateratzeko Gasteizko noranzkoan bigarren irteera erabiltzea gomendatu dute. Altzotik eta Amezketatik N-1 errepidera doazenek ere hortik egin beharko dute joan-etorria.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!