Alegian gaurtik ostiralera banatuko dituzte poltsa konpostagarriak eskuratzeko txartelak

Ataria 2024ko maiatzaren 6a

Ezkerretik eskuinera: Regina Sorarrain Lasa alkatea eta Maria Jesus Gaztañaga Otermin zinegotzia. ALEGIAKO UDALA

Banaketa kultur etxean egingo dute; goizetan, 12:00etatik 14:00etara eta, arratsaldeetan, 17:00etatik 19:00etara. Doakoak dira bai txartela, bai poltsak.

Alegiako Udalak poltsa konpostagarriak eskuratzeko makina jarri du herriko kultur etxean. Herritarrek txartel bidez eskuratu ahal izango dituzte poltsa horiek eta, horretarako, gaurtik ostiralera —maiatzaren 6tik 10era— banatuko dituzte txartelak kultur etxean. Herritarrek bi ordu tartetan pasa beharko dute txartela jasotzeko, zehazki, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.

Banatzeko momentuan bertan izango dira udal ordezkariak eta makina jarri duen enpresako kide bat herritarrek makinaren erabileraren inguruan izan ditzaketen zalantzak argitzeko. Alegiako Udalaren hitzetan: «Garbi utzi nahi da oso erraz erabiltzen dela, eta arazorik gabe eskuratu ahal izango direla poltsak».

Etxebizitza arruntek bi hilean behin hartu ahal izango dute pakete bat, zeinak 37 poltsa izango dituen. Tabernek eta elkarteek, berriz, hilean poltsa bat hartu ahal izango dute. Zerbitzua erabat doakoa izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!