Mende laurdena ospatzeko egun osoko egitaraua eta erakusketa

Aitor Arroyo Askarai 2024ko maiatzaren 1a

Marta Iraola eta Arantxa Segurola Sutarri dantza taldeko kide eta ekimenen antolatzaileetako batzuk, Alegiako udaletxeko erakusketan. A. ARROYO

Alegiako udaletxeko ganbaran jarri dute Sutarri dantza taldeari buruzko erakusketa; larunbaterako hainbat jarduera prestatu dituzte, eta 140 bat lagun bilduko dira bazkarian.

Alegiako Sutarri dantza taldeak 25 urte betetzen ditu aurten, eta hainbat jarduera ari dira egiten urteurrena ospatzeko. Asteon dantza taldeari buruzko erakusketa jarri dute ikusgai udaletxeko ganbaran eta, larunbatean, egun osorako egitaraua antolatu dute.

Joan den martxoaren 22an egin zuten urteurrena ospatzeko lehen ekimena: dantza emanaldi «berezia» Intxurre antzerki-taldearekin eta Txintxarri abesbatzarekin batera. Hortik aurrera, erakusketa eta Sutarri eguna izan dituzte esku artean. 

Larunbatean goizean goizetik ekingo diote ospakizunari: 11:30ean kalejira herrikoia egingo dute herrian zehar Lasko txarangarekin eta hainbat dantza eskainiko dituzte. Eguerdian, bazkari herrikoia egingo dute plazan eta 16:30etik 19:00etara erromeria izango da Elizagoien ahizpen eskutik.

Azken unean, gora
«Hasieran nahiko motel nabaritu ditugu herritarrak, bazkarirako izen-emateetan eta... Baina, betikoa, azken momentuan denek batera eman dute izena. Jendea animatu da, eta giroa ere areagotuko da eguna gerturatu ahala», horrela hitz egin du Marta Iraola dantza taldeko kide eta eguneko antolatzaileetako batek.

Guztira, 140 bat lagunek eman dute izena bazkarian. Arantxa Segurola da dantza taldeko kide eta eguneko beste antolatzaileetako bat, eta aipatu du «propio» aukeratu zutela larunbata festa ospatzeko, jendeak «deskantsatzeko» igandea izan zezan.

Biek ala biek nabarmendu dute «guztia antolatzen» lagundu dietela Alegiako Udalak eta herriko merkatariek zein elkarteek. Eta hari berari tiraka, «esker bereziak» eman dizkiote Intxurre kultur eta kirol elkarteari: «Laguntza aldetik ez daukagu kexatzerik, denak inplikatu dira asko». 

Erlazionatuak

Jantziak eta argazkiak, bidearen isla

Aitor Arroyo Askarai 2024 mai 01 Alegia

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!