Artola Buruz Buruko Txapelketaren finalerdietan dago

Ataria 2024ko apirilaren 20a

Iñaki Artola, Peña II.aren aurkako buruz buruko partidan, Beotibar pilotalekuan.

Buruz buruko Pilota Txapelketaren bigarren jardunaldiko partida jokatu zuen alegiarrak eta 8-22 irabazi zion Elordiri, azken txapeldunari.

Txapelketan bere hautagaitza oraindik eta garbiago azaldu du Iñaki Artolak. Indarrez eta jokoz sasoi onean dagoela erakutsi zuen atzo Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Egungo txapelduna den Elordiri nagusitasunez irabazi zion, markagailuak erakusten duen moduan: 8-22.

Horri esker, dagoeneko finalerdietan dago Artola. Izan ere, Artola, Elordi eta Zabala arteko bina garaipeneko berdinketa gertatzen bada, beraien arteko partidetako aldeko eta kontrako tantoak kontuan hartzen dira. Artolari bakarrik Zabalaren kontrakoa jokatzea falta zaio, eta hor 22-0 galtzen badu ere, tanto kopuruen aldea Elordik baino hobea izango luke.

Atzoko partidari dagokionez, oso indartsu ekin zion Artolak eta 2-16ko markagailura iritsi ziren, Elordiren bi tantoak Artolak galdutakoak izanik. Elordik aurre egitea lortu zuen tarte batean, eta 8-17 jarri zen markagailua, baina hortik aurrera Artola berriro nagusitu eta 22ra iritsi zen. Artolak guztira 16 tanto egin zituen eta hiru galdu; Elordik 5 tanto egin eta 6 galdu zituen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!