Martxan da Alegiako Udalaren Udaberriko Kultur Egitaraua

Aitor Arroyo Askarai 2024ko api. 17a, 15:00

Datozen asteetarako kultur programazioa aurkeztu du Alegiako Udalak; besteak beste, Sutarri dantza taldearen ekitaldiak eta Langaurre eguna bildu ditu.

Udaberrirako kultur egitaraua ondu du Alegiako Udalak. Joan den astean egin zituzten lehen ekimenak, eta datozenetan ere denetariko jarduerak antolatu dituzte. Regina Sorarrain alkatearen esanetan, egitarauaren «ardatzetako bat» da Sutarri dantza taldearen 25. urteurrena.

Mende laurdena bete du aurten dantza taldeak eta hainbat egitasmo antolatu dituzte urteurrena ospatzeko; hurrengoa dantza jantzien erakusketa izango da. Apirilaren 29tik maiatzaren 4ra egongo da ikusgai, eta badu beste «berezitasun bat» ere: udaletxeko ganbaran jarriko dutela.

Sorarrainen arabera «egoera tamalgarrian» zegoen leku hori, baina txukundu egin dute eta «sekulako espazioa» dute orain «edozer gauza» egiteko. Hain zuzen, dantza taldearen erakusketa izango da bertan egingo den lehen jarduera, eta gogobeteta hitz egin du alkateak horren inguruan: «Sutarri dantza taldeak estreinatuko du espazioa, eta oso pozik gaude horrekin. Mimo handiz ari dira erakusketa prestatzen; polita izango da». Erakusketa 18:00etatik 20:00era bisitatu ahal izango da, aurrez aipatutako egunetan.

Erakusketa ez da, ordea, dantza taldeak antolatutako jarduera bakarra. Izan ere, esposizioa bisitatzeko azken egunean, maiatzaren 4an, egingo dute Sutarri eguna. Mende laurdeneko ospakizunaren «jarduera nagusia» izango da eta, besteak beste, herriko plazan bazkaria eta erromeria egingo dituzte.

Bestelako jarduerak
Dantza taldearen ekimenez gain antolatu dituzte bestelakoak ere, horien artean, Vademekum kale antzerkia, Langaurre eguna eta tertulia literarioa.

Alegiako alkatearen arabera Langaurre eguna «oso kutuna» da herritarrentzat eta «aurten ere arrakastatsua» izatea espero dute. Egun horretan udalak aulkiak eta mahaiak jartzen ditu Langaurre landa eremuan herritarrek bertan bazkaldu dezaten. Egitarau propioa izaten du egun horrek, eta Sorarrainek azaldu du izango direla jarduerak, baina «oraindik» ez dituztela «zehaztuta».

Datozen asteetarako antolatu dituzten egitasmoekin herriko adin eta gustu «guztientzat eskaintza bermatzen» ahalegindu da Alegiako Udala. Horrela hitz egin du Sorarrain alkateak: «Prestatu dugun egitarauarekin adin eta zaletasun ezberdinak asetzea izan dugu helburu uneoro. Ekimen batzuk, agian, ez dute loturarik izango beste batzuekin, baina denetik egiten saiatu garelako gertatu da hori». 

UDABERRIKO EGITARAUA
  • Apirilk 29 - Maiatzak 4
    • 18:00 - 20:00. Sutarri dantza taldearen erakusketa udaletxeko ganbaran.
  • Maiatzak 4, larunbata
    • Egun osoan. Sutarri eguna.
  • Maiatzak 17, ostirala
    • 19:00. Vademekum kale antzerkia, kalebeherako parkean.
  • Maiatzak 25, larunbata
    • Egun osoan. Langaurre eguna.
  • Maiatzak 26, igandea
    • 17:00. Gipuzkoako bertsolari txapelketako sailkapen saioa, zinean.
  • Maiatzak 30, osteguna
    • 17:00. Dantza tailerreko haurren emanaldia, kultur etxean.
    • 18:00. Irakurle taldearen saioa Loak ezkutatzen duena eleberriarekin, liburutegian.
  • Maiatzak 31, ostirala
    • Egun osoan. Alegiako Herri Eskolako ikasturte amaierako festa. Jarduerak egun guztian Iturri Zahar guraso elkarteak antolatuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!