ELKARRIZKETA

«Gogoa baldin baduzu, konturik aldrebesena ere aurrera aterako duzu»

Aitor Arroyo Askarai 2024ko urt. 21a, 07:58
Lukas Lasa alegiarra bere tailerreko sutondoan. A.A.A.

Ia zazpi hamarkadaz Alegiako ospakizunak antolatzen lagundu du Lukas Lasak; hamar urte inguru zituela Tolosako azokara joaten omen zen larunbatetan arrautzak saltzera eta hamaika urterekin hasi zen lanean familiako zerrategian.

Alegiako sarreran du tailerra izan zena. Badira urte batzuk itxi zutela, baina zerraren soinua entzuten da burdinazko ate arrearen atzetik. Aroztegira sartu eta mahaigaineko zerra bati lotuta Lukas Lasa (Alegia, 1932) alegiarra. Arotza ofizioz, 69 urtez aritu da herriko ospakizunak antolatzen laguntzen. Bizikletan bertaratu da tailerrera, eta sutondoan ekarri ditu gogora txikitako kontuak, lanbidearen xehetasunak eta nolakoa izan den herriaren zein festen bilakaera.

Festetan laguntzen 64 urte bete zenituen urtean txupinazoa bota zenuen. Laguntzen zenuen azken txanda izan behar zuen, ezta?

Bai, bai. Azkena izan behar zuen hartan bota nuen, baina gerora ere jarraitu dut festetan laguntzen. Omenaldia ere egin zidaten, eta atzera ere jarraitu egin nuen beste hiruzpalau urtez.

Zehazki zertan laguntzen zenuen?

Umeekin aritzen nintzen, batez ere. Besteak beste, kioskoa jartzen genuen eta, horrez gain, hainbat ekitaldi ere antolatzen aritu naiz: sardina jatea, soka apustuak, zaku apustuak... Eta egiten genuen, baita ere, txokolate jatea. Neronek prestatzen nuen txokolatea, eta bizkotxoak-eta bildu, eta umeak hamarnaka izaten nituen inguruan, airean denak. Bati baino gehiagori errieta egin behar izan diot [barrez]. Ume pila izaten ziren, eta txokolatea emateko ilaran jartzen nituen guzti-guztiak. Neroni belauniko jarri, edalontzia txokolatez bete eta beste batek gailetak ematen zizkien.

25 bat litro erabiliko genituen aldiro txokolatea egiteko. Haurrez gain helduak ere etorri egiten ziren gero txokolatea hartzera.



Norbait gehiago ere ariko zen zurekin batera, ezta?

Bai, bai; lagundu egiten zidaten. Garai hartako lagunek laguntzen zidaten: bi kale garbitzailek, eta aguazilak. Haiek laguntzen zidaten. Festak-eta iristen zirenean dena prestatzen... Kioskoa eta gainerakoak neronek jartzen nituen. Gu aurrena ez ginen arotzak, zerratzaileak ginen.

Zerratzaileak?

Hori da, zerratzaileak ginen. Hau guztia tronkoz beteta egoten zen, eta guk oholak egiten genituen. Gehiena Valentziara bidaltzen genuen, altzariak egiteko. Orduan motozerrarik ez zegoen, eta trontzarekin joaten nintzen ni basora, hamahiru urterekin. Pago handiak botatzen genituen, eta gero eskuz kargatu... Astakeriak egiten genituen. Garai hartatik hona errazten joan da gauza, eta eskerrak. Gaur egun pertsona bat nahikoa da lehen bospaseiek egiten zutena egiteko, dena mando batekin egiten da. Orain dena egiten da mando batekin.

Herriko festak bereziak izango dira zuretzat.

Jakina. Niretzat oso bereziak dira. Hutsik ere ez dut egin inoiz. Herriko festetan laguntzen hasi eta gainerakoetan ere ibiltzen nintzen: Eguberrietan gaztainak erretzen, sardinak erretzen festetan, txorizoa... Guztiak antolatzen nituen. Plazan ere arbola eta txabola jarri, baita Olentzero ere; eta urte asko egin ditut horiek antolatzen.


Garai bateko zerrategia ageri da Lasak seinalatutako argazkian; aita-semeak zerra handiaren inguruan. A.A.A.



Horiek antolatzeak aurretik ere lana eskatuko du.

Noski, jakina ba! Egun osoak behar izaten nituen dena antolatzeko. Egun asko hori dena prestatzeko. Txabola egiten nuen, eta kanpotik berdintsua izaten zen urtero; baina barrualdea beti aldatzen nuen. Gabonetarako, esaterako, Olentzero jarri, danbolina ere bai... Urteren batean txitak ere jarri nituen, haien itxitura eta guzti. Plazan arbola jartzen ere neroni aritzen nintzen, eta horretan laguntzaileak ere izaten nituen. Eguberrietako bonbillak eta argiak, denak aldamio batekin jartzen genituen. Lan asko egiten genuen, baina gustura.

Beraz, herriko festez gain, gainerakoetan ere aritu zara laguntzen.

Bai, bai; eta ez Alegian bakarrik. Amezketan ere izan naiz bizpahiru aldiz sardinak erretzen; eta baita Ikaztegietan ere. Parrilla prestatu eta han joaten nintzen. 40 bat kilo sardina izango ziren denera eta, gero, txorizoa, beste hainbeste. Jendeari erretilutan partitzen genion: ogia batetik, eta txorizoa bestetik. Gero eskandaluak ere izaten ziren, batek bi hartzen zituela-eta... [barrez]. Festetan badakizu, gutxi behar izaten da.

Nondik datorkizu laguntzeko gogoa?

Umeekin-eta aritzea beti gustatu izan zait, eta hortik aurrera nire kapritxoa ere izan da. Esan izan didate hainbesterako lanik ez hartzeko, baina gustura egiten dudan zerbait denez... Horrela hasi nintzen, eta halaxe egin ditut hainbeste urte. Beste bat ere bazen nire aurretik, idazkari izandakoa: hura hasi zen su artifizialak edo botatzen... 18 urte nituela hasi nintzen berarekin. Eguberrietan ere izan nintzen udaletxean erregeen etorrerarako ea laguntzarik behar ote zuten-eta galdetzen. Hemen segitzen dut [barre txikiarekin], etxean egon ezinda.


Herriko festetako argazki zaharrean Lasa arotzek muntatutako kioskoa ikusten da, jendez beteta. A.A.A.


Burugogorkeriatik ere ba ote du hainbeste urtez laguntzen aritu izanak?

Bai, bai, jakina [barrez, ozen]. Gogorik ez baduzu, lan txukunik ez zaizu aterako. Kontrara, gogoa baldin baduzu, konturik aldrebesena ere aurrera aterako duzu. Hori horrela da. Txarrena horixe da, gogorik gabe egitea lan. Mutil koxkorrak ginela tabernara ez ginen sartzen 18 urte bete arte; sartu ere ez. Hala zen. Gerra pasatakoak gara gu. Gogoan dut nola ezkutatzen ziren azukrea, olioa, xaboia... Ogi gogor bat ematen ziguten, beltza. Mandoek ere ez zuketen jango hura! Beltz-beltza zen, astuna... Bota eta aurpegian joz gero, seko geratuko zinateke harekin. Taloen tankerakoa zen, zapala eta lodi samarra.

Duela urte batzuk, ordea, laguntzeari uzteko eskatu zizuten senideek.

Birusa zabaldu zen horretan izan zen; eta familiak eskatuko ez balit, segituko nuke oraindik ere [barrez]. Baratza ere handia dut, eta han laguntzen didate: semeak tarteka, eta baita beste mutil batek ere. Handik atera izan ditugu tomateak, ia bi kilokoak ere.

 

«Festetan laguntzeari uztekotan egon nintzen, baina ezin»


Festetan laguntzeari uztekotan egon nintzen, baina ezin utzi. Errieta egiten zidaten, uzteko esan; baina... [barrez]. Alegian ere bada aguazila zena, hura ni baino 20 bat urte gazteagoa da, eta hark esaten zidan: «Lukas, ni erretiratu arte ez erretiratu e!». Eta hura erretiratu zen, eta nik jarraitu egin dut, beste hamar bat urtez [barre txikiarekin]. Baina, azkenean, birusagatik utzi nuen: edadea, kutsatzeko arriskua... Utzi egin nuen eta kito.

Aroztegian zein lan egiten zenituzten?

Festetan kioskoa jartzen genuen eta, horrez gain, kontzertuak ikusteko eskailera moduko batzuk ere egiten genituen, jendea esertzeko. Artean zerratzaileak ginen, baina artea genuen denok eta handik atera ginen. Aita ere denetik egiteko moldatzen zen; denetariko konponketak eta lanak egiten genituen.

Gustura joaten ginen, gainera, jaten emate hutsagatik bakarrik. Baserrietara eta joaten ginen eta beti ematen ziguten zerbait: babarrun pixka bat... Miseria zen garai hartan. Hamar bat senide ginen etxean, garai hartan telebistarik ez zegoen eta... [barrez].

Zerorri garaiz hasiko zinen lanean.



Bai. Ni mutil koxkorra nintzela hegaztiak eta izaten genituen eta Tolosara joaten nintzen larunbatero, arrautzak saltzera. Hamar bat urterekin! Garai hartan diferente jokatzen zen. Autobusean joan eta etorri egiten nuen. Arrautza izugarri garestia zen garai hartan. Neguan oiloek ez zuten egunero arrautzarik jartzen, eta orduan balio zuen... Gogoan dut: «Sesenta pesetas». Asko zen. Udan, berriz, gehiago jartzen zituzten eta berrogei bat peztara ere jaisten zen.

Nortzuk egiten zenuten lan aroztegian?

Aitarekin batera hiru anai aritzen ginen, eta gero, bat kontratista hasi zen; zerrarekin lana jaitsi egin zen-eta. Hiru anaien artean bigarrena naiz ni, hemen aritzen ginenen artean. Gaur egun bi anai bizi gara. Ni baino gazteagoa da bestea. Harekin hamabi urteko aldea dut, eta anai zaharra zenarekin, berriz, hogeita lau urteko aldea nuen. Pentsa. Denera zazpi anai eta hiru arreba ginen.

Gure aitak lokal hau ez dakit zein urtetan hartu zuen. Zerrategia zeneko burdinazko karrila lurrean dago oraindik. Aizkoren kirtenak egiten genituen hemen, eta baita matxete asko ere, Kubarako. Han azukrearekin lan egiteko asko behar izaten zituzten.

Eta, gaur egun, itxita dago, ezta?

Bai, bai. Ni ibiltzen naiz hemen, baina lanean ez.

Ez du, beraz, jarraipenik izan.

Bada, ez. Niri pena ematen dit, baina... Ez dago.

Garai hartan nola egin zuen aurrera tailerrak?

Hasieran zerratzaileak ginen, baina zerrategitik bakarrik ez zegoen jaterik. Eta horrez gain, gure aita sasi-arotza zen: eskuz egiten zituen gurdiak, karroak, hilkutxak... Adin batera iritsi zenean, gainerakook hartu genuen erreleboa: hiru anaiek zabaldu genuen aroztegia. 11 urterekin edo hasiko nintzen lanean, eta 91 urte ditut orain. 80 urte arte edo, beti tailerrean izan naiz, batean edo bestean laguntzen. Oraindik ere, uzten didaten heinean, laguntzen diet.

Lehen kanpotik entzun dugu zerraren soinua.

Hortxe ari nintzen lanean, bai. Kontu bat prestatzen ari nintzen, ilobari laguntzeko. Lehen tresna gehiago genituen hemen, baina urte pare bat izango dira atera genituela. Neurri batean niregatik kendu zituzten, edozein modutan ibiltzen nintzen makinen artean eta nire erreflexuak ez dira garai batean zirena. Lantxoak egiten ibiltzen naiz.

Oporrik izaten al zenuten?

Lehenengo oporrak 63 urterekin egin nituen, ordu arte lanetik atera gabe. Eta orduan bainuetxera joan ginen [barrez]. Alde horretatik erraz gastatzen dugu gaur egun: zubia dela, bakazioak direla... Segituan inauteriak eta atzetik uda [barrez]. Lehen gehiago aurrezten zen. Ez nahastu, aberatsa beti izango da aberatsa eta pobrea, pobrea. Baina, gure garaian oraindik pobreago ginela uste dut. Ez zen eta jatekorik ere. Lanik ere ez zen izaten. Garai bakoitzak bere gorabeherak izaten ditu, eta gu asko sufritutakoak gara.

 

«Garai bakoitzak bere gorabeherak izaten ditu, eta gu asko sufritutakoak gara»



Hainbeste urtetan herria ere aldatuko zen, ezta?

Uf. Ez dago sinisterik ere; ezin zait sartu buruan: zenbat gauza, zenbat kanbio... Orduan ere baginen gaiztoak eta onak... Diferentea zen.

Aldaketa nabarmenik bururatzen zaizu?

Zer esango dizut ba... Euskara asko aldatu da: batua lehen ez zen existitzen. Oraindik ere kosta egiten zait gaur egungo gauzak irakurtzea, adibidez, hitz batzuk arraroak dira oso. Ohitura falta ere izango da: zuek jarrita zaudete eta ez zaizue arraroa iruditzen baina, guk garai batean ezberdin hitz egiten genuen.

Etxean ere aldatu dira kontuak. Nola ziren gauzak... Egia da hori, gaur egun umea ez da jotzen; baina garai hartan asko jotzen zen.

Teknologia aldetik ere garapen handia ikusteko aukera izan duzu.

Alegian aurreneko telefonoa 1906an jarri zuten. Kontuak atera. Ni joandakoa naiz Aldabara, enkargua ematera erreal baten truke. Orduan ez zen errepiderik: bide bazterrean oinetakoak utzi ez hondatzeagatik, eta hanka-hutsik. Pentsa! Pilotan ere hanka-hutsik ibiltzen ginen, alpargatak ez puskatzeagatik. Bai, bai; egia da hori. Enkargua erreal batengatik; erreala... Ez zen handia baina, asko! Eta gorde egiten genuen. Bueltatutakoan eltzeitsuan, tak!, sartu eta kito.

Gaur egungo telefonoaren aldean ezberdina zen, ezta?

Ikaragarri diferentea zen. Telefonotik abisuak-eta emateko paper batzuk egiten zituzten. Ahaztu zait nola izena zuten ere, baina harekin joaten zinen eta hura ematen zenuen abisatzeko baten bat hil zela edo... Orain, berriz, segundo batean jakiten dugu dena. Denok poltsikoan daukagu, eta horixe bilatzen dut txarra. Orain egunero gaude denok atentzioan. Niri horrela iruditzen zait, sekulako ona da batzuetan, baina gauza batzuetarako asaldatuta jartzen gaitu.

Eta orain atera duten gauza hori, berriz... «Artifizial» edo nola da hori? Gauza onerako asmakuntza txarra da hori. Zure aurpegia jarri beste baten fotografian? Aiba dio, hi! Gauza onak ekarriko ditu, baina baita txarrak ere.

Gogoan al duzu telebista iritsi zenekoa?

Telebista Alegian... Ez dakit, uste dut lehenago Aldaban izan zuela apaiz batek. Lanera hona etortzen nintzen, baina Aldaban bizi nintzen orduan. Aurreneko telebista Aldaban apaizak jarri zuen; bai, bai. Herri guztia biltzen zen apaiz etxean, azpian zuen halako gela handi batean.

Eta ordutik etorri dira asmakuntza gehiago ere, adibidez, Internet.

Ez dut erabiltzen ikasi nahi izan. Behin ere ez. Telefonoan ere ez dut nahi; hauxe besterik ez [deitzeko bakarrik den mugikor bat ateratzen du poltsikotik]. Bestela ibiltzen dira jolasean eta... Ez dut nahi. Nik telefonoa enkarguak hartzeko eta kito.

Urte hauetan ohiturak galdu direla esango zenuke?

Bat bururatzen zait, gutxienez. Nik bederatzi sagardotegi ezagutu ditut Alegian. Bada, mutil koxkorrak joaten ginen sagardo goxoaren garaian, hura edatera. Gerora sagardo bihurtzen zenean ez ziguten uzten. Pitxarreko sagardoa esaten genion aurreneko hari, goxo-goxoa izaten zen. Garai batean umeei ere ematen zitzaien. Gaur egun ez da horrelakorik egiten.

Bederatzi sagardotegi Alegian. Beste tamaina batekoa al zen herria?

Eta lehen paper fabrika ere, Alegian izan zen. Gipuzkoako aurrenekoa; Amezketa aldera joanda. Errekaren bidean ur asko zegoen, eta gerora errota pare bat ere jarri zituzten. Alegia ospetsua zen garai hartan: villa bat zen. Eta duela ehun urte alegiarrei alegrinos deitzen ziguten. Alegiarrak ez, alegrinos [barrez]!

Festak ere aldatuko ziren urteen eraginez.

Goizeko zazpietan ateratzen ginen, eta gauean ordu bata arte izaten zen musika. Oso berezia bazen, agian, ordu biak arte. Baina gainontzean, ordu batean; eta ordu horretan taberna guztiak aguazilak ixten zituen. Orain, berriz, arratsaldeko seietan ateratzen dira kalera, eta goizeko bostak arte egoten dira. Horrela ez dago goizetan ezer egiterik, jendea erretiratzeko egoten baita oraindik. Goizetan ez dago ezer jartzerik, denak zurrutean eginda lo egoten dira-eta. Lehen gaueko hamabietan bukatzen zena, orain hasi egiten da.

Bateko eta besteko lanak direla eta... Topatzen al duzu zaletasunetarako tarterik?

Baratzean eta tailerrean ibiltzen naiz. Eta, horrez gain, Antzinako Egiptoko kontuak gustatzen zaizkit asko. Haiek zuten meritua, haiek; eta ez guk. Jesus! Gustatzen zait pentsatzea nola litekeen halako harritzarrak hartzea, prestatzea... Ibiltzen zituzten erreminta haiekin. Bada, anaiak eraman nahi ninduen hara; baina, ez nintzen joan. Beldurra ematen dit. 16 urterekin okasioa izan nuen Kubara joateko. Osaba fraide batek harantz eraman nahi ninduen lanera, eta barkuan joan ginen. Uf! Nik lurra behar dut hanka azpian, lurra. Mugitzen ez dena [barrez].

Anaia gazteena da eta asko laguntzen dit. Azkenean, baldar bihurtzen ari naiz; ez zait iruditzen, baina [barrez]... Hala ere, bizikletan etorri naiz e! Orain oinez itzuliko naiz, oinez ibiltzeagatik, bizikleta eskuan hartuta. Bastoia baino seguruagoa bilatzen dut bizikleta, eskuan helduta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!