Urte honetan ia 3,6 milioi euroko aurrekontua izango du Alegiak

Aitor Arroyo Askarai 2024ko urt. 10a, 07:59
Joan den urteko abenduko osoko bilkuran onartu zuten urte honetarako aurrekontua. L. CARRASCO

Joan den urtearen aldean, milioi bat euro pasatxo gehiago izango du Alegiako Udalak; Aurrera Alegia taldearen aldeko bost botorekin egin du aurrera aurrekontuak.

Alegiako Udalak 3.569.814 euroko aurrekontua izango du aurten, joan den urtean baino milioi bat eta 89.000 euro gehiago. Aurreko urteko abenduaren 21eko ohiko osoko bilkuran onartu zuten aurrekontuaren proiektua, Aurrera Alegia taldearen aldeko bost botorekin eta EH Bilduren hiru abstentziorekin.

Regina Sorarrain alkateak adierazi du, aipatutako kopuruaz gain, hainbat dirulaguntza eskatu dituztela, baina oraindik ez dietela jakinarazi ebazpena: «Ebazpen horien emaitzak baldintzatuko du urtearen bilakaera. Lan garrantzitsuak datoz, eta erronka handiei egin beharko diegu aurre». Aurrekontuaren zati bat aurreko legealditik datorren obra batera bideratu dute, hain zuzen, Larraitz auzoko ekialdeko lanetara; aurtengo aurrekontuetan 400.000 euro gorde dituzte lan horietarako. Joan den urrian, udaleko bi taldeek adostuta, kreditu aldaketa bat egin zuten eta milioi bat eta erdi gorde zituzten; beraz, denera, bi milioi pasatxoko aurrekontua izango dute lanek. Horrez gain, alkateak azaldu du Eusko Jaurlaritzako dirulaguntza bat eskatu dutela, eta ebazpen horren zain jarraitzen dutela oraindik.

Bestalde, osasun zentroaren «berritze integrala» ere hasiko dute aurten. Horretarako 50.000 euro ditu gordeta Alegiako Udalak, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 246.000 euroko dirulaguntza ere bideratu du. Guztira, beraz, 300.000 euro ditu udalak proiektua aurrera eramateko, Sorarrainen hitzetan «bultzada» eman nahi diote egitasmoaren hasierari; aurten proiektua idaztea eta «lehen pausoak» ematea da helburua.

Azpiegitura inbertsioak
Herri bideak konpontzeko ere esleitu dute aurrekontuaren zati bat: 80.000 euro gorde dituzte Galarretako bidearentzat, eta aurretik ere 35.000 euroko diru laguntza bat dute aurreikusita lan horiek. Horrez gain, argiteriaren hobekuntza energetikoarekin ere jarraituko dute, eta 30.000 euro gorde dituzte Bazurka inguruko hobekuntza aurrera eramateko.

Bi egitasmo horiez gain, beste lan lerro bati ere emango diote jarraipena, hain zuzen, hilerriko lanketari. Alkatearen iritziz gai «oso delikatua» da, eta proiektu hori ezin dute erdizka utzi «inondik inora ere». 20.000 euro dituzte gordeta lan horiek aurrera eramateko.

Gazteak eta kirola
Aipatutako proiektuetatik aparte, kiroldegiko aldagelak ere berritu nahi dituzte. Joan den urteko udan eskatu zuten dirulaguntza foru aldundiko kirol arloan; 133.000 euro esleitu dizkiete eta alkatearen hitzetan «litekeena da» zerbait gehiago ere jasotzea. Aurtengo azaroaren 30a baino lehen amaituko dituzte berritze lanak, hori baita dirulaguntzaren baldintzetako bat; eta Sorarrainek aipatu du «laster» jarriko dela martxan proiektua.

Horrez gain, «arreta berezia» jarri diete gazteen sailari ere. Alegiako Udalak zerbitzua ematen die hamabi urtetik hamasei urte bitarteko gazteei, eta 20.000 euroko aurrekontua izan du orain arte. Bada, talde berriaren ustez «gabezia handia» dago hor, eta 66.000 eurora handitu dute sailari dagokion diru kopurua. Helburuak dira zerbitzua sei urtetik hemezortzi urte bitartera luzatzea, gaztelekua irekitzea eta eskaintza «osatuago bat» bermatzea.

Aipatutakoaz gain, esku artean darabilte Haur Eskolaren gaia ere. Alkateak aipatu du «aspalditik» ari direla eskatzen bertako langileak zein erabiltzaileak eskolako jolaslekua estaltzea. Aurten 55.000 euro esleitu dituzte hori egiteko, eta aurretik beste 35.000 euro dituzte gordeta proiektua gauzatzeko. Horrez gain, proiektu hori ere aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzako dirulaguntza bat jasotzeko. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!