Bihar banatuko dituzte Alegiako 2024. urterako egutegiak

Tolosaldeko Ataria 2023ko abe. 28a, 11:16

Alegiako Udalak babestuta, doan banatuko dute herriko etxe guztietara; soberan geratzen direnak udaletxean gordeko dituzte eta bertan eskatu ahal izango dira.

Bihar banatuko dute 2024. urterako egutegia Alegiako etxe guztietara. Alegiako Udalak babestuta, doan banatuko dute argazki zaharrekin eta horien inguruko bertsoekin osatutako egutegia. Alegiako argazkizaleen taldea arduratu da irudiak aukeratzeaz –batzuk aspaldikoak eta besteak ez hainbeste– eta gero horien araberako bertso bana jarri diete Harituz taldeko bertsolari alegiarrek.

Herritik kanpo bizi diren hainbat herritarri ere bidali diete; eta, guztira, ia mila ale banatu dituzte aurten ere. Soberan geratzen diren egutegiak udaletxean gordeko dituzte, eta bertan eskuratu ahal izango dira. Bestalde, aurreko urteetako egutegiak eta argazkiak ikusgai daude Txintxarri plazako Kultur Kabinan.

2002an kaleratu zen mota honetako lehena, eta aurtengoa 23. egutegia izango da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!