Kaleko argiteria berritzen ari dira Alegian

Aitor Arroyo Askarai 2023ko abe. 27a, 11:59

Erbeta auzoko 21 argi berritu dituzte, eta berrerabiltzeko moduan dauden bonbilla zaharrak gorde egin dituzte beste gune batzuetan erabiltzeko.

Kaleko argiteria berritzen ari da Alegiako Udala eta, guztira, hiru motako lanak egingo dituzte: faroletako bonbilla zaharrak LED argiekin ordezkatu; gune ilunetan argi berriak jarri; eta Aralar  kaleko faroletan beso berriak jarri «oinezkoentzako argi egokiagoa» izateko.

Orain arte Erbeta auzoko kale argiak berritu dituzte LED argiak jarriz, eta bonbilla zaharrak gorde egin dituzte beste gune batzuetan berrerabiltzeko. Horrez gain, Haur Hezkuntzako eraikinaren atzean bi argi berri jarri dituzte puntu ilun bat zela iritzita. Aurrera begira, berriz, argiteria berritzeko asmoa dute San Juan kalean eta Etxe Txuri bidean ere.

Aipatutakoaz gain, Aralar kaleko farolei beso berri bat gehituko diete; Regina Sorarrain alkatearen hitzetan: «Autoentzako dira, eta ez dute nahikoa argirik ematen oinezkoentzat. Gainera, herriko bide garrantzitsuenetako bat da». Beso berri horiek altuera baxuagoan egongo dira, eta helburu izango dute argi gehiago egitea oinezkoentzat. Udalak, guztira, 18.000 euroko inbertsioa egin du lanketa egin ahal izateko.

Argi berriak Haur Hezkuntzako eraikinaren atzealdean. ALEGIAKO UDALA

Lanketaren oinarriak
«Puntu ilunak eta efizientzia energetikoa; bi zutabe horien gainean sostengatzen da lanketa», horrela hitz egin du Sorarrainek argiak berritzeko lanketaren ardatzei buruz. Azaldu duenez, aurretik hainbat gune ilun zehaztuta bazituzten ere, gehiago identifikatu dituzte azken lanketan eta horiei konponbidea ematea «lehentasunezkoa» zela nabarmendu du. Bide beretik, helburua herritarren «segurtasuna hobetzea» da alkatearentzat.

Efizientzia energetikoa hobetzeko xedeari erantzuten dio, berriz, kaleko argiak berritzeak. Efizientzia handiagoa dutelako ari dira jartzen LED argiak, eta lanketarekin helburu bikoitza betetzen ari direla azaldu du: batetik, argi berriekin kontsumoa eraginkorragoa izango omen delako; eta, bestetik, argi zaharrak gordetzen ari direlako oraindik berritu ez diren guneetan berrerabiltzeko. Oposizioan zeudenetik landu dute argiteriaren gaia: «Berrikusketa sakon bat behar zuela oso garbi ikusten genuen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!