Pala jokalari onenetarikoak ariko dira lehian Alegiako frontoian

Imanol Garcia Landa 2023ko abe. 11a, 19:59
Alex Sanchez antolatzailea eta Regina Sorarrain Alegiako alkatea, aurkezpenean.

Lehenengo aldiz antolatu dute Alegiako Eguberritako Pala Txapelketa. Gizonezkoen zein emakumezkoen txapelketa egingo da eta finalak abenduaren 29an jokatuko dira.

Txapelketa berri bat hartuko du Alegiako Elorri frontoiak. Larunbatean hasiko da Alegiako Eguberrietako Pala Txapelketa 2023 eta bertan Gipuzkoako pilotari onenak ariko dira lehian. Gizonezkoetan zein emakumezkoetan antolatu dute txapelketa, eta Alex Sanchez antolatzaileak azaldu duenez, «udalari eskertu nahi diogu txapelketa hau antolatzen laguntzeagatik. Ilusioz antolatu dugu eta espero dugu erantzun ona izatea». 

Gizonezkoetan zortzi bikote ariko dira lehian, eta larunbat honetan, abenduaren 16an, hasiko dira final-laurdenetako jardunaldiarekin. 16:00etan hasiko dira partidak, eta sarrera doan izango da, beste jardunaldi guztietan bezala. «Gipuzkoan dauden pilotari onenetakoak ariko dira txapelketan», azaldu du Sanchezek. «Nabarmentzekoak dira San Miguel erremontista ohia, palan eta frontenisean puntan dabilen Odei Arregi, hau ere erremontean aritutakoa, eta Julen Loidi. Beste parte hartzaile guztiek ere maila handia dute».  

Abenduaren 23an jokatuko dira finalerdiak, eta hor sartuko dira lehian emakumezkoak. «Lau bikote ariko dira lehian. Hernaniko Gipuzkoako txapeldunak izango dira, Altzoko bikote handi bat ere izango da, Beotibar elkarteko beste bi pilotari, eta Hernanitik ere beste bi pilotari, maila handikoak», zehaztu du Sanchezek. 

Bi finalak abenduaren 29an jokatuko dira, 19:00etatik aurrera. «Egun horretan pilota egokituko partida bat jartzeko asmoa genuen, Alegiakoa den Hilario Olano pilotariak bertan parte hartuz. Baina, zoritxarrez, ezin izan dugu antolatu, Olano lesionatuta dagoelako, eta beste pilotari batzuk ezin izan dutelako etorri», azaldu du antolatzaileak. 

Regina Sorarrain Alegiako alkateak, bere aldetik, eskerrak eman dizkio Alex Sanchezi txapelketa antolatzeagatik. «Proposamena egin zion udalari eta bat egin genuen. Nola ez, gizonezkoen zein emakumezkoen txapelketak egingo dira, gaur egun beste modu batera ezin delako izan», azaldu du Sorarrainek. Bestalde, herritarrei zein inguruko herrietako biztanleei gonbita luzatu diete hiru jardunaldietan Elorri frontoira joateko. 

Parte hartzaileak

Gizonezkoen txapelketa
A. Ander Loidi (Gazte Leku) eta Yulen San Miguel  (Real Sociedad) 
B. Julen Loidi (Gazte Leku) eta Urtzi Erleaga  (Beotibar)
C. Ganix Astigarraga (Mundarro) eta Mikel Goitia  (Beotibar)
D. Andoni Zabala (Zarautz) eta Mikel Rodriguez  (Beloki)
E. Odei Arregi (Beotibar) eta Alex Sanchez (Beotibar)
F. Iban Aldalur (Ospele) eta Iker Lizaso (Ospele)
G. Alain Luixa (Kuku) eta Aratz Luixa (Kuku)
H. Josu Salegi (Pagaspe) eta Josu Etxeberria (Gazte Leku)

Emakumezkoen txapelketa
A. Uxue Olano (Intxurre) eta Joana Tolaretxipi (Hernani)
B. Ekhiñe Balerdi (Beotibar) eta Ane Kerejeta  (Hernani)
C. Maddi Iriondo (Hernani) eta Uxue Aranburu  (Beotibar)
D. Enara Macicidor (Hernani) eta Nagore Murua  (Intxurre)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!