Alegiako Udalak trafikoaren ordenantza betetzeko eskatu du

Ataria 2023ko azaroaren 28a

Udalak adierazi du «neurri gogorragoak» hartu beharko dituela araua puskatzeagatik jakinarazpena jaso eta egoera zuzentzen ez dutenekin.

Alegiako Udalaren arabera ez dira errespetatzen trafikoaren udal ordenantzaren zenbait arau. Horren aurrean, «jakinarazpen ezberdinak» egingo dizkiete legea betetzen ez dutenei, eta herriko etxe atari guztietan bandoa jarriko dute egoeraren inguruan ohartarazteko.

Udalaren helburua da arauak errespetatzen ez dituzten herritarren jokabidea aldatzea, eta «herritarren gehiengoak» betetzen dituela gogorarazi du: «Elkarbizitza eta errespetu kontua ere bada indarrean dauden legeak betetzea. Udalak gustukoak ez diren neurriak hartu beharrik ez izatea espero du». Bide beretik, azaldu dute egoerak «ez badu hobera egiten» ordenantzako 28. eta 29. artikuluek ematen dioten eskumena baliatuko duela Udalak dagozkien zigor espedienteak abiarazteko.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2022ko abuztuaren 21ean argitaratu zen Alegiako Udalak onartutako Trafikoa, Motordun Ibilgailuen Zirkulazioa eta Bide Segurtasuna arautzen dituen Udal Ordenantza.

Ordenantza irakurtzeko egin klik hemen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!