Inaxio Begiristain kultur beka sortu du Intxurre elkarteak

Ataria 2023ko azaroaren 7a

Inaxio Begiristainen jaiotzaren 100. urteurrena dela eta iaz antolatutako erakusketa.

Zabalik dago proiektuak aurkezteko epea, eta 2024ko martxoaren 10a izango da horretarako azken eguna.

Inaxio Begiristain kultur beka sortu du Alegiako Intxurre elkarteak sormen lanak sustatzeko eta laguntzeko asmoz. Antolatzaileek azaldu dutenez, Inaxio Begiristainen balioak transmitituko dituen lanak aurkeztu daitezke deialdira, hots, euskara, antzerkia, txistularitza edo kulturaren inguruan oinarrituriko lanak. Proiektuak jatorrizkoak eta euskaraz sortuak izan beharko dute, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak.

Beka 1.200 eurokoa izango da eta Intxurre elkarteak kopuruaren erdia irabazleari emango dio izendatu ondoren; eta beste erdia, berriz, lana amaitu, entregatu eta epaimahaiak onartutakoan emango dio.

Epaimahaiko kideek hainbat irizpideren arabera baloratuko dituzte proiektuak, besteak beste, lanaren kalitatea, originaltasuna eta erakargarritasuna; gaiaren interesa, hots, Alegia mailako interes soziala; egingarritasuna, hau da, erabiltzeko modukoa izatea eta txertatuta izatea genero ikuspegia, berdintasuna eta giza baloreak.

Bekaren oinarriak osorik ikusteko egin klik hemen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!