Urrak eta Izeta IV.ak irabazi dute Alegiako XVI. Txintxarri Saria

Ataria 2023ko urriaren 21a

Sei harri jasotzaile aritu dira gaur arratsaldean lehian, binaka. Alegiako plaza jendez bete da eta hiru bikoteek ikuskizun bikaina eskaini dute. Maddi Gesala eta Ainitze Zumeta harri jasotzaileek erakustaldia eskaini dute jaialdi horretan.

Alegiako harri jasotzaileen XVI. Txintxarri Saria jokatu da gaur arratsaldean. Zozketak erabakita, Telleria IV.a eta Gari Garmendia izan dira lanean hasi diren lehenak. 125 kiloko errektangularrari heldu diote txanda librean, eta lau minutuko tartean 49 jasoaldi lortu dituzte.

Ondoren, Urra eta Izeta IV.aren txanda izan da. Hauek 54 aldiz jaso dute harri hori. Azpiazu eta Lartainek, azkenik, 50 jasoaldi lortu dituzte.

Hasieratik argi ikusi da Urra eta Izeta IV.ari txapela kentzea zaila izango zela. Hala eta guztiz ere, beste bi bikoteek dena eman dute, eta 125 kiloko koparekin ez diete hain errez ihes egiten utzi faboritoei. Urra eta Izetak 55 jasoaldi lortu dituzte, beste biek, 53.

Proba 112,5 kiloko lanean puskatu da. Txapeldunek 44 jasoaldi lortu dituzte. Azpiazu eta Lartainek 39 eta Telleria-Garmendiak 35. Azken lanean, 100 kiloko bolarekin, ikuskizuna Beñat Telleriak eta Paulo Azpiazuk jarri dute. Lan honetan Urra eta Izeta IV.a izan dira azkenak, 53 jasoaldirekin. Azpiazu eta Lartainek 55 lortu dituzte eta Telleriak eta Garmendiak 57.

Lau lanak gehituta, ia mila kiloko aldeaz jantzi dute txapela Mikel Lopetegi 'Urra'k eta Hodei Iruretagoiena 'Izeta IV'.ak.

Sailkapena

  1. Urra-Izeta IV: 23.875 kilo.
  2. Azpiazu-Lartain: 22.762,5 kilo.
  3. Telleria IV-Gari Garmendia: 22.387,5 kilo.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!