Harri jasotzaileen XVI. Txintxarri Saria izango da jokoan larunbatean

Ataria 2023ko urriaren 18a

Iazko Txintxarri Sariaren une bat.

Herri kirolen munduan bere lekua egiten ari den txapelketa da Alegian jokatzen den Harri jasotzaileen Txintxarri Saria, eta aurtengoan bere 16. aldira iritsi da.

Iaz festetan egitekoa zen baina eguraldi beroak atzerarazi egin zuen. Urrian egin zen eta izan zuen arrakasta ikusita, aurten ere formula hori errepikatzea erabaki du antolakuntzak. Urriaren 21ean, larunbata, jokatuko da 17:30etik aurrera Alegiako plazan eta gizonezkoen hiru bikotek hartuko dute parte: Urra eta Izeta IV.a batetik, Azpiazu eta Lartain bestetik, eta azkenik Telleria IV.a eta Gari Garmendia.

Euskadiko txapelketako lau harri motarekin jokatuko da saria: 125 kiloko errektangularra, 125 kiloko kopa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola.

Jaialdiaren hasieran, amaieran eta ariketen artean tartekatuta, emakumezkoak ere ariko dira plazan. Ainitze Zumeta eta Maddi Gesalaga harri jasotzaileen lana ikusteko aukera izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!