Aralar institutuko ikasleekin elkartrukea

Ataria 2023ko urriaren 5a

Finlandiako ikasleek Alegiako udaletxera egindako bisitaren irudia.

Finlandiako ikasle eta irakasle talde bat dabil egun hauetan Alegian, institutuarekin duten elkartruke bati esker.

Alegiako Aralar institutua Finlandiako ikastetxe batekin elkartruke bat egiten ari da. Finlandiatik etorritako ikasle eta irakasle talde bat astebeteko egonaldi bat egiten ari da Alegian eta egun hauetarako aurreikusita dituzten jardueren artean, Alegiako Udalak harrera egin die. 

Udaletxera bisita
Regina Sorarrain alkateak eta Maria Jesus Gaztañaga zinegotziak eman diete ongi etorria eta eskerrak ematearekin batera, egonaldi oparo bat izatea espero dutela adierazi diete finlandiarrei. «Gure gastronomia, mendiak eta klima izan dira finlandiarrek esan dutenez, oraingoz Euskal Herritik gehien gustatu zaiena», esan dute udaleko arduradunek.

Ekitaldiaren amaieran Alegia eta Helsinki batzen dituen irudi bat duten motxilak banatu zaizkie udalera bisita egin duten ikasleei eta irakasleei.  Motxila horietan Alegiako mapa bana eta herriko historia jasotzen duten liburua jaso dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!