«Indartsu eta ilusioz gainezka gabiltza»

Ataria 2023ko urr. 4a, 07:57

«Ilusioa», hitz hori nabarmendu du hainbatetan Regina Sorarrain Alegiako alkate berriak. Lehen asteetan «oso oinarrizko» kontuetan aritu direla azaldu du, besteak beste, herria garbitzen eta konponketak egiten. Aurrera begira, berriz, lan egingo dute partaidetza sustatzeko, herriko azpiegiturak egokitzeko eta kultur zein kirol programak berritzeko.

Zure lehen agintaldia izango da. Nola sentitzen zara?

Iritsi berria naiz alkatetzara, baina lau urte egin ditut oposizioan, eta denbora horretan asko ikasi dut: bai udaletxe batek kanpoko agenteekin lana nola egin behar duen eta, baita ere, barruko hainbat funtzionamendu.

Oposiziotik egin genituen proposamen asko ez ziren entzunak izan; alde horretatik gure proiektuak aurrera eramateko asmoa dugu, beti ere herritarrengandik etorritakoak direlako. Aurrera Alegiaren leloa da 'Herritik eta herriarentzat'; oso lelo orokorra iruditu liteke, baina Aurrera Alegiaren jaiotza islatzen du, herriaren egonezin batetik jaio delako. Guk herriari eman diogu hitza, eta herriari eman diogu bide gure proposamenekin.

Nolakoak izan dira lehen egunak?

Lanez lepo, baina taldea eta ni indartsu eta ilusioz gainezka gabiltza. Oposiziotik alkatetzara salto handia dago, baina ikastetxe bateko zuzendaritzako kide izan naiz eta badakit administrazioarekin lan egitea zer den. Nabarmendu nahi dut ez naizela ezer nire talderik eta udaletxeko langilerik gabe. Langile horiek lagundu besterik ez didate egin, eta oso babestua sentitu naiz haiengandik.

Zer du hobetzeko Alegiak?

Alegiak erronka asko ditu, baina gauza oso-oso oinarrizkoetatik hasi gara: herria garbitzetik, puskatutako gauzak konpontzetik... Gure azpiegiturek gabezia handiak dituzte, eta horren inguruan hausnartu egin behar da. Kulturan eta kirolean ere asko dago egiteko. Ez da posible urtetik urtera kultur programa errepikatzea: funtzionatzen duen hori mantendu behar da, baina gauza berriak ere sartu behar dira. Dantza talde izugarri bat daukagu: 25 urte beteko ditu datorren urtean; hori ospatu egin behar da. Intxurre kultur elkarteak ere hainbat ekimen egiten ditu. Kirol munduan dauzkagu futbol, pilota eta saskibaloi taldeak. Orokorrean, herriko eragileak mimatu, lagundu eta babestu egin behar ditugu. Gakoa da horiek aurrera eramatea.

Orain zer duzue esku artean?

Oinarrizko garbiketak eta konponketak egin ditugu, eta oposiziotik egindako lanketa luze baten ondoren hasi gara errekan lanean. Aurreko taldeak utzitako lan oso garrantzitsu bat ere badago: Larraitz auzoan obrak egingo dira; oso potentea da, bi milioi euro pasatxoko aurrekontua du. Horrez gain, administrazioak dakartzan kontuei erantzuten ari gara: kanpo eragileekin lan egitea, herritarrei entzutea, esleipenak kudeatzea...

Datozen urteetarako zein proiektu dituzue?

Kulturari dagokionez astindu bat eman beharra dago Alegian. Horrez gain, gure gazteak kontuan hartu behar ditugu. Ahalegindu behar dugu gazteak hemen geratzen, eta horretarako herri erakargarri bat egin behar dugu; horrek, noski, erpin asko ditu. Gazte programak martxan jarriko ditugu, Gaztelekua ere ireki nahi dugu... Hamasei urtera arteko institutua daukagu, eta hori ere landu egin behar da.

Bestalde, gogoan dugu azpiegiturak berritzea eta egokitzea. Azpieskualdea da alegia, eta merezi duen osasun etxe bat egokitu behar da; hori da lehen proiektuetako bat. Guretzat sakratua da herritarrei eman diegun hitza, eta hori saiatu behar dugu betetzen.

Ba al dago bereziki kezkatzen zaituen zerbait?

Bereziki kezkatzen nauen gaia da zaborrarena: azken urteetan birziklapenean behera egin dugu, nabarmen. Joan den azaroan, eta Aurrera Alegiak bultzatutako prozesu baten ondoren, herri galdeketa bat egin zen eta zabor sistema aldatu zen: herriak libreki aukeratu zuen bost edukiontzi izatea.

Mankomunitatearekin lanean ari gara; kanpaina orokor bat abiatu behar du, baina guri dagokigu kanpaina hori lekutzea. Ez daukat oso astuna izateko inongo erreparorik; hori oso ondo zaindu behar dugu. Alferrik da aldaketa klimatikoaz hitz egitea gero ez bagara gai horrelako gauzak aurrera eramateko.

Zein zailtasun aurreikusten dituzu?

Zailtasunak oso esparru ezberdinetakoak dira: batetik, udaletxetik kanpoko agenteekin lan asko egin beharra dago, eta hor zailtasunak topatuko ditugu. Bestetik, pedagogia handia egin beharra dago zaborraren kontuan, adibidez. Esango nuke gutxieneko ikaskuntza bat badaukagula, informazio asko dago benetan, baina nire kezka da ea heziketa nahikoa daukagun.

Zibismo kontu hau ez da Alegiakoa bakarrik, zibismoa ez dago modan. Beraz, horretan zailtasunak ditugu, baina, orokorrean, gizarte bezala. Gaur egun indibidualismoan murgilduta gaude, gizarteak erakundeengan botatzen du errua guztia, eta hori ez da horrela. Zailtasunak oso esparru ezberdinetan izango ditugu, baina hori bagenekien etorri aurretik ere.

Zer eskatuko zenieke alegiarrei?

Alegiarrei eskatuko nieke erreparorik ez izatea udaletxeko atea pasatzeko eta niregana etortzeko: errespetuz etortzen diren guztiak pozik hartuko ditut. Entzuten dakien alkatea izan nahi dut, eta ahalik eta enpatia gehienarekin jokatuko dut. Horrek ez du esan nahi guztiari baietz esango diodanik, baina gertutasuna helarazi nahi dut eta horretarako herritarrei parte hartzea ere eskatzen diet. Bestalde, hasiera honetan pazientzia pixka bat denok beharko dugu.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!