Ostegunean egingo dute 'Txintxarriak Martxan' egitasmoko lehen ibilaldia

Ataria 2023ko urr. 2a, 17:00

Joan den ikasturteko 'Txintxarriak Martxan' ekimeneko lehen ibilaldia.

Herriko plazatik abiatuko dira 11:00etan, eta hamaiketakoa egingo dute ibilaldia bukatutakoan. Momentuz 44 lagunek eman dute izena.

Udako geldialdiaren ostean, ostegunean itzuliko da Txintxarriak Martxan ekimena. Ikasturte honetan ere bi talde antolatu dituzte: ibilbide luzeak egiteko, momentuz, hemezortzi kide bildu dituzte; ibilbide laburrak egiteko, aldiz, 26 batu dira.

Ostegunero 11:00etan herriko plazatik abiatuko dira, eta egitasmoaren helburuak dira adinekoak ariketa fisikoa egitera bultzatzea eta haien arteko harremanak sustatzea. Aurten berrikuntza bat ere izango dute, hain zuzen, ibilaldiak amaitu ostean hamaiketakoa egingo dute. Joan den urtean hilean behin egiten zuten hori; bada, aurten, ostegunero izango da.

Zabaltzeko gogoa
Parte hartzea hedatzeko asmoz, antolakuntzak gutunak bidali dizkie herriko adineko pertsonei. Azaldu dutenez, pandemiaren eraginez jaitsi egin omen zen parte hartzaileen kopurua, eta aurretik bildutako kopuruetara hurbiltzea omen da asmoa. Momentuz 44 pertsonak eman dute izena, baina parte hartu nahi duen edonork plazan bertan eman ahalko du izena, ostegunetan, 10:30etik aurrera.

Alegiako Udalak eta osasun etxeak antolatzen dute Txintxarriak Martxan, eta hainbat laguntzaile dituzte inguruan: alde batetik, ibilaldietan gurpildun aulkietako pertsonei eta bestelako lanetan laguntzen dute Nagusilanek, elizak, jubilatuen elkarteak eta aurten laguntzen arituko dira Aralar institutuko ikasleak ere. Horiekin batera, ibilaldien osteko hamaiketakoa prestatuz laguntzera animatu dira Jubilatuak, Iskiña, Hilario Berri, Eizmendi eta Txintxarri tabernak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!