'Euskara eta kulturartekotasuna' proiektuaren berri emango zaie Alegiako guraso guztiei

Ataria 2023ko irailaren 18a

Hilaren 20an, asteazkenean, Inaxio Begiristain kultur etxean aurkeztuko dute proiektua, 17:00etan; umeak zaintzeko zerbitzua egongo da.

Euskara eta kulturartekotasuna gure hezkuntza komunitatean egitasmoa abian da Alegiako Herri Eskolan. Egitasmoa Alegiako Udalak, UEMAk eta Alegiako Herri Eskolak jarri dute martxan. Asteazken honetan emango dituzte egitasmoaren inguruko azalpenak, 17:00etan, Inaxio Begiristain kultur etxean, eta eskolako guraso guztiei dei egin diete proiektuaren berri izan dezaten. Umeak zaintzeko zerbitzua jarriko dute, eta hala nahi duenak, izena eman beharko du eskolan. Saioan zehar, aldibereko itzulpena egongo da.

Proiektuak helburu bikoitza du: ikastetxean euskara komunikazio hizkuntza izaten jarraitzea eta, aldi berean, euskara ez dakiten jatorri atzerritarreko herrikideei ulermena erraztea eta parte hartzea bultzatzea. Euskara «zaindu eta sustatu» nahi dute, «herriko hizkuntza delako, eta herriaren eskubidea eta konpromisoa delako». Esan dute bide berriak bilatuko dituztela euskaraz ulertzen ez dutenak komunitatera hurbiltzeko eta parte aktibo izateko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!