Oria ibaiko bazterrak garbitzen hasi dira Alegian

Ataria 2023ko irailaren 14a

Alegiako Udalak hitzarmen bat sinatu du Ura Agentziarekin eta uholde arriskua murrizteko lanak egingo dituzte aurrerantzean.

Erreka bazterren egoerak kezkatuta, Alegiako Udalak eta Ura Agentziak hitzarmena sinatu dute, uholde arriskuaren aurrean egin behar diren lanak zehaztu eta esku hartzeko. Astelehenean hasi zituzten zubi zaharreko eta zubi berriko begiak garbitzeko lanak, uholde arriskuari aurre egiteko.    

Regina Sorarrain Alegiako alkateak adierazi duenez, abuztuan sinatu zuten hitzarmena Ura Agentziarekin, eta aurrerantzean agentziaren esku egongo dira egin beharrekoak: «Ur Agentziak txostenak aurkeztuko dizkigu eta udaletik aurkeztu dizkiogun arazoei aurre egiteko ze lan egin beharko dituzten zehaztuko digu; beraien esku egongo da guztia».

Alegia bi errekaz inguratutako herria dela gogorarazi du Sorarrainek, eta bazterretan dagoen landarediak uholde arriskua areagotu eta larritu egiten duela. Horrez gain, zuhaitzek hartu duten altuerak, batetik, ibaia ikustea galarazten duela dio, eta bestetik, etxeei ere bista kentzen diela. «Udaberri aldean, gainera, hauts zuri moduko bat askatzen du eta herritarren osasunean ere eragina du, izan ere, etxeak ezin izaten dira aireztatu, ohe azpiraino sartzen delako hautsa». Arazo horiei guztiei irtenbidea ematea da asmoa, Sorarrainen arabera. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!