Alegiako mendietan eraikuntzako hondakinak botatzen zituen pertsona bat atzeman du Ertzaintzak

Ataria 2023ko abuztuaren 30a

Herritar batek eman zion hondakinen berri udalari. Udalak jarrera hori eskertu du horrelako jokaerek eragiten dituzten kalteak ekiditeko.

Duela egun batzuk, Alegiako mendi inguru ezberdinetan, eraikuntzako hondakinak legez kanpo botatzen zituen pertsona bat atzeman zuen Ertzaintzak. Herritar batek leku jakin batean hondakinak zeudenaren inguruko abisua eman zion udalari eta honek Ertzaintzari gertaeren berri eman ostean, Txubiritxo inguruan eta Intxurre aldeko hainbat puntutan eraikuntzako hondakinak botatzen zituena nor izan den argitu du ikerketak. Errudunak kaltetutako eremu guztiak garbitu behar izan zituen.

Alegiako Udalak, edozein motako hondakinak ingurune naturalera botatzeko ekintza oro arbuiatu nahi izan du lehenik eta behin. Gaur egun hondakinak eraman ahal izateko garbiguneak daudela gogorarazteaz gain, hori ez egiteak, legea ez errespetatzeaz gain, ingurumenean eragiten duen kaltean egin nahi nahi izan du azpimarra.

Horrekin batera, gai honetan herritarren inplikazioa ere eskatu nahi izan du udalak. Herritar honek egin duen moduan, udalari jakinarazpen soila egitea nahikoa da udalak auzia Ertzaintzaren esku uzteko eta dagokion ikerketa gauzatzeko. Telefonoz, emailez edo Alegia APP aplikazioaren bidez argazkiak zein mezuak bidali daitezke udalera. Modu horretan, horrelako bidegabekeriekin herriko eremu naturalak eta ingurumena kaltetzea eragiten duten jokabideak murriztea eragingo dela azpimarratu dute.

Bide batez, udalak eskerrak eman nahi izan dizkio hondakin isurketaren berri eman duen herritarrari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!