Ikasturte berrirako eskaintza prest du Alegiako kirol eta kultur etxeak

Ataria 2023ko abu. 29a, 17:00

Izena emateko epea irailaren 6tik 15era egongo da zabalik eta Alegiako Udalaren webgunearen bidez egin beharko da. Cardio dance, pilates eta hirugarren adinekoentzako gimnasia izango dira aurten ere.

Alegiako Udalak prest du 2023-2024 ikasturteari begira Inaxio Begiristain Kirol eta Kultur Etxean eskainiko duen ikastaro eta jardueren zerrenda. Aurten ere hiru jarduera izango dituzte herritarrek eskura: cardio dance, pilates eta hirugarren adinekoentzako gimnasia.

Cardio dance-a 16 urtetik gorakoentzat eskainiko da. Astelehenetan eta asteazkenetan izango dira saioak, 19:30etik 20:30era, eta irailaren 18an hasiko dira. Bazkideek 25 euro ordaindu beharko dute hilean eta bazkide ez direnek 51 euro.

Pilates saioak irailaren 18an eta 19an hasiko dira, taldearen arabera. Kasu honetan, bi ordutegi eskainiko dira. Alde batetik, astelehenetan eta asteazkenetan, 16:45etik 17:45era eta bestetik, asteartetan eta ostegunetan, 19:00etatik 20:00etara. Izena ematen dutenek bi txandetako bat aukeratu beharko dute. Bazkideek 25 euro ordaindu beharko dute hilean eta bazkide ez direnek 51 euro.

Azkenik, hirugarren adinekoentzako gimnasia saioak ere eskainiko dira. Astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan izango dira saioak irailaren 18an hasita, 11:00etatik 12:00etara eta hilean 15 euro ordaindu beharko dira.

Ikastaro hauetan izena eman nahi dutenek irailaren 6tik 15era izango dute horretarako aukera. Irailaren 6an, 09:00etan zabalduko da epea. Izena emateko, www.alegia.eus webguneko lehen orrialdean aurkituko duzuen jarduerei buruzko loturan sartu behar da eta bertan topatuko duzue izena emateko formularioa. Ikastaroekin lotura duen informazio guztia webgune horretan zintzilikatuko du udalak, baina modu horretara lortu ezin dutenek, kultur etxean jaso ahal izango dute, 10:00etatik 12:30era. Informazio gehiagorako edo zalantzak argitzeko, kultur etxera deitu daiteke 943 65 46 98 telefono zenbakira edo kultura@alegia.eus helbidera idatzi.

Izena ematerakoan, eskaerak jasotzen diren hurrenkeraren arabera banatuko dira plazak eta ikastaroren batean izena ematen duenak urte osoari dagokion zenbatekoa ordaindu beharko du, nahiz eta saio guztietara ez bertaratu.

Jarduera berriak

Udalak jardueren eskaintza zabaltzeko intentzioa du 2024ko urtarriletik aurrera. Horretarako, eskaintza hori zabaldu dezaketen jarduerak zeintzuk diren jakin nahi du eta herritarrei galdetzea erabaki dute. Aipatu atalean egongo den eta irailaren 6an martxan jarriko den galdetegiaren bidez, herritarrek beraien proposamenak egin ahal izango dituzte eta udalak guztiak aztertuko ditu eskaintza prestatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!