Giro ederrean jokatu dituzte Alegiako 3x3 saskibaloi txapelketak

Ataria 2023ko uzt. 10a, 16:00

Elorri Aldapa saskibaloi taldeak antolatuta, gaztetxoen eta helduen mailetako 3x3 saskibaloi txapelketak jokatu dira azken bi larunbatetan, Alegian. Herriko taldeen parte hartzeak gora egin duela nabarmendu dute.

Elorri Aldapa saskibaloi taldeak antolatuta, infantil eta kadete mailetako 3x3 saskibaloi txapelketa jokatu zen pasa den larunbatean eskolako patioan. Sei taldek hartu zuten parte; horietatik lau ziren alegiarrez osaturikoak, hiru mutilen mailan eta bat nesken mailan. Kanpotik etorritako taldeak, Tolosako neska talde bat eta Andoaingo mutil talde bat izan ziren.

Denek denen aurka jokatu zuten hamar minutuko iraupena izan zuten partidetan. Goizeko lehen orduan giro ederra izan zuten baina eguerdirako eguzkiak gogotik berotzen zuen. Lehen fasea amaituta, finalerdiei ekin aurretik hamaiketakoa egin zuten parte hartzaile eta antolatzaileek. Une hori ere polita izan zela adierazi du Elorri Aldapak, jokalarien artean sentsazioak elkarbanatu zituztelako txapelketaren inguruan.

Finalera Gipuzurekin talde alegiarra eta Andoaingo Ganbara taldea iritsi ziren. Final oso lehiatua izan zen eta azkenerako garaipena andoaindarrentzat izan zen, 7 eta 6ko markagailu estuarekin.

Aurrez, helduak

Uztailaren 1ean, larunbata, helduen txanda izan zen, Larraitz auzoko plazan. Hamar taldek hartu zuten parte eta maila handiko txapelketa ikusi ahal izan zen. Lau izan ziren alegiarrez soilik osaturiko taldeak eta horrek poztu egin zituen antolakuntzako kideak. Horrez gain, orotara Elorri Aldapako zortzi jokalarik hartu zuten parte. Talde alegiarrekin batera, Ordiziatik, Urretxu-Zumarragatik eta Tolosatik etorritako taldeak ere aritu ziren. Iazko ekitaldian baino maila orekatuagoa izan zela adierazi zuten Elorri Aldapatik eta horrek partiden ikusgarritasuna ere areagotu zuela. Jokalarien artean une oro izan zen giro ona ere azpimarratu nahi izan zuten taldetik.

Lehiaketari dagokionean, Tolosatik etorritako Cubabies taldeak lortu zuen garaipena, tartean Elorri Aldapako jokalari baten parte hartzearekin. Finalean, Ordiziako Pululu FC taldeari irabazi zioten eta hirugarren postuan Otero Boys taldea geratu zen. Talde horretan Elorri Aldapako bi jokalari aritu ziren.

Elorri Aldapak azken bi asteburuetan egindako txapelketen balorazio oso positiboa egin du. Bietan izan den partaidetzagatik eta txapelketek izan duten harreragatik eskertuta agertu dira eta aldi berean eskerrak eman nahi dizkiete txapelketak egin ahal izateko laguntza eman duten guztiei eta baita parte hartzera animatu diren herriko gazteei ere, beraiek gabe ezinezkoa izango zelako txapelketak egin ahal izatea. «Herriko jendearentzat antolatzen den saskibaloi festa bat izan nahi du txapelketak eta zentzu horretan, izan dezaketen saskibaloi maila albo batera utzita, herritarrak txapelketan parte hartzera animatu nahi dituzte datozen edizioei begira». Nabarmendu dutenez, herriko taldeen parte hartzeak gora egiten jarraitzen du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!