ERREPORTAJEA

250 egunez, bizikleta bizimodu

Irati Saizar Artola 2023ko eka. 15a, 16:00

Zortzi hilabetetan Alegiatik Boli Kostara bidaiatu dute, tandem baten gainean, Ander Arandia alegiarrak eta Garbi Arroyuelo bilbotarrak; zentzu guztietan, erronka handia izan dela diote.

Tandem batean, Alegiako plazatik abiatu eta Boli Kostara egin dute bidaia Ander Arandia alegiarrak eta Garbi Arroyuelo bilbotarrak. Irailaren 15ean ekin zioten bideari eta duela bi aste itzuli dira etxera, «helburua beteta».

Bidaian atera aurretik, Ugandara iristea jarri zuten helburu, zortzi edo bederatzi hilabetetan. «Uganda zen Afrika erdialdean ezagutzen genuen puntu bakarra, bertako Mukwano Lagun erakundea ezaguna dugu, eta haiek bisitatzeko ideia genuen buruan», kontatu du Arandiak.

Ugandaraino, baina, 19.000 kilometro daude, eta zortzi hilabetetan 8.600 kilometro egin dituzte, Boli Kostara iritsi arte. «Pentsa ze urrun geratu garen». Ez zekiten hilabetean zenbat kilometro egiteko gai izango ziren. Espainiar penintsula zeharkatzeko, 1.400 kilometro egiteko, hilabete behar izan zuten.

Garrantzitsuena, ordea, eginda zeukaten: «Noranzkoa markatu genuen, Afrika zein lekutatik zeharkatu nahi genuen erabakita genuen, beraz, iristen ginen lekura iritsiko ginen».

Maroko «erritmo oso onean» zeharkatu zuten, «nahiz eta aldapatsua izan». Mauritaniara nekatuta iritsi zirela aitortu dute: «Basamortua zeharkatzeak ere presioa eragiten du; esaterako, 80 kilometrotan ez zegoen ezer, eta gutxienez kilometro horiek egin behar genituen ura topatzeko». Marokon aterpetxe askotan lo egin zutela kontatu dute, baina Saharan, zerbitzurik ez, eta gasolindegietan, zaintzaileren baten etxean edota taberna batean hartu zutela ostatu.

Mauritanian ere desertuan eragin behar izan zieten pedalei. «Nuadhibu hirian, kontaktu bat genuen eta eskerrak, zeren basamortu erdian, bagenekien norbait gure zain izango zela, eta psikologikoki sekulako laguntza izan zen».

Ordurako osatuak zituzten 4.400 kilometro, «erritmo nahiko azkarrean». «Bidaia luzea zela eta nekatuta gindoazela konturatu ginen eta erabaki bat hartu genuen: autobus batean egitea aurrera». Mauritaniako hiriburuan, Nuakxoten, beste kontaktu bat zuten eta astebeteko geldialdia egin zuten. «Autobusez Mauritania barnealdera joan ginen, basamortuko herrixka batzuk bisitatzera».

Handik, Senegalera, bizikletaz. Mugara iritsi aurretik, «lehenengo gertakari gogorrena» bizitzea tokatu zitzaien. «Diawling parke nazionalean pasa behar genuen gaua eta zerbait janda intoxikatu egin nintzen, beherakoarekin eta gorakoarekin gau oso txarra pasatu nuen», kontatu du alegiarrak. Gauzak okertzen direnean, ordea, ez dakite zortea den, baina beti agertu izan zaie laguntzeko norbait. «Mediku batekin egin genuen topo eta pilula bat eman zidan».

Bidaiaren beste zati bat

Gertakari horren ostean, bidaia beste modu batera planteatu zuten. Lasaiago hartu eta GKE batzuen lana bisitatzen hasi ziren. Kellesensa izan zen horietako bat; Tolosaldeko lagun talde batek Senegalgo Kelle herrian proiektu bat du martxan, eta hura ezagutzen pasa zituzten bost bat egun. «Hor bidaiaren beste zati bati ekin genion; bizikletaz bai, baina askoz ere motelago, bisitak luzatuz». Herrialdeak hobeto ezagutzeko modua izan zutela dio Arroyuelok: «Ez baduzu lasai hartzen, herrialdeaz ez duzu behar bezala disfrutatzen, eta bertakoekin pare bat egun pasata, beste era batera bizitzen duzu herrialdea».

Gobernuz Kanpoko Erakundeak bisitatzerako garaian, «laguntzearen konplexutasuna» agerian geratu zaie: «Zaila da laguntzen asmatzea, menpekotasunik sortu gabe edo inguruarekiko desberdintasun nabarmenik sortu gabe... barruak mugitu dizkigun gai bat izan da».

Senegalen, Gambian eta Senegalgo Casamance eskualdean geldialdiak egin eta Ginea Bissaura iritsi ziren jarraian. «Inauteriak ezagutzeko aukera izan genuen, hango familia baten eskutik».

Handik aurrera, beroa «jasanezina» bihurtzen hasi zen, eta moskitoek ere ez zieten «eroso» mugitzen uzten. «Bidaia puntu bat gehiago zaildu zitzaigun, eta egoerak eraginda, aditu bihurtu ginen behar genuena eskatzen, inongo erreparorik gabe. Izugarria da jendeak duen borondatea, inoiz ez dugu ezezkorik jaso».

Bissautik aurrera, zerbitzuak ere «eskasagoak» topatu zituzten, eta ezin izaten zuten aurreikusi zer topatuko zuten. «Eguerdian, geldialdia egin, eta uraz eta jatekoaz hornitzen ginen eta arratsaldean beste zati bat aurreratzen genuen». Norabait iristean, leku bat eskatzen zuten lo egiteko. Dinamika hori errepikatu dute Ginea, Sierra Leona, Liberia eta Boli Kostan: «Herri txikietara iritsi, bertakoekin hitz egin, herriko arduradunari bertan lo egiteko baimena eskatu eta ura eskatzen genuen dutxatzeko». Orduan hartzen zuten tartetxoa bertako herritarrekin hitz egiteko. «Haurrak gerturatzen zitzaizkigun gehienbat, udalekuetan ikasitako jolas guztiak han jarri ditugu berriro ere praktikan».

«Erronka handia»

250 egun iraun ditu bidaiak, eta denera 147 etapa egun izan ditu bikoteak. «Erronka handia izan da zentzu guztietan: kirol erronka izan da eta bikotean egitea ere erronka handia izan da».

Bidaian zehar, gizakiak gauza berrietara ohitzeko duen gaitasunak harritu du Arroyuelo. Bidaiaren gogortasunak harritu du gehienbat Arandia. «Banekien gogorra izango zela bizikletaz bidaiatzea, baina bidean topatu dugun laguntza gabe, badakit ezin dela horrelako bidaiarik egin». Fisikoki ere «beti mugan» izan dela aitortu du.

«Paisaia izugarriak» ikusi dituzte, «bizimodu oso desberdinak, historia oso latza daukaten herrialdeak, oraindik ere kolonizatuta dauden herrialdeak...».

Bikotearen ustez, bizikleta, bidaiatzeko modu partikular bat da, «bizimodu bat». Ugandara iritsi ez badira ere, helburua lortu dute: «Zortzi hilabetez Afrikan zehar bidaiatu nahi genuen eta ikusi nora arte iristeko gai ginen». Ikasi ere asko ikasi dutela kontatu dute: «Edonon ikasten duzu, izan Ugandan, izan Marokon edota Salamancan».

Bidaian, Instagrameko 2ra bidaia profiletik kontatu zituzten ibilerak, eta Bira Bidaia blogean ere zintzilikatuta dute guztia. Tartean, egindako ibilbidearen mapa. Bidean zehar atera dituzten irudiekin, buruan darabilte aurkezpen moduko bat prestatzearen ideia. Beraien blogean emango dute horren berri. 

Ander Arandia eta Garbi Arroyuelo bidaiatik bueltan, aste honetan, Ataria kanpoaldean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!