Bi saskibaloi txapelketa antolatu dituzte Alegian

Ataria 2023ko eka. 28a, 15:58

Elorri Aldapa saskibaloi taldeak 3x3 saskibaloi txapelketa bana antolatu du uztaileko lehen bi larunbatetarako; uztailaren 1ean, helduen mailakoa izango da, uztailaren 8an, berriz, infantil eta kadete mailetakoa.

Elorri Aldapak helduen mailako 3x3 saskibaloi txapelketa bat antolatu larunbat honetarako, uztailak 1. 16:00etan hasiko da txapelketa Larraitz auzoko plazan, eta izena emateko epea zabalik dago, 20 euroren truke; elorrialdapa@gmail.com helbidera idatzita edo taldearen Instagram perfilaren bidez eman daiteke izena. Izena ematerakoan taldearen izena eta partaideen datuak zehaztu beharko dira. Talde bakoitzean federatutako bi jokalari egon ahal izango dira gehienez. 

Saskibaloi taldeak herriko parte hartzaileak animatu nahi ditu batez ere. Herrian saltsa sortu dezakeen txapelketa izan daitekeela uste dute eta joko mailaz haratago, arratsalde pasa eder bat egitera animatu nahi dituzte saskibaloia gustuko duten herritarrak.

Gazteentzat aukera

Helduen mailan egingo duen moduan, Elorri Aldapak infantil eta kadete mailetako gaztetxoentzako txapelketa bat egingo du astebete beranduago, uztailaren 8an. 9:00etan hasiko da eskolako patioan eta 13:00ak aldera amaituta izatea espero dute.

2009 eta 2010 urteetan jaiotakoak infantil mailan ariko dira eta 2007an eta 2008an jaiotakoak kadete mailan. Izena emateko epea zabalik dago eta parte hartu nahi duten taldeek bi modutara eman dezakete izena. Kultur etxera bertaratuz edo elorri.aldapa@gmail.com helbidera idatziz, taldearen izena eta partaideen datuak bidaliz. Gaztetxoak txapelketan parte hartzera animatu nahi ditu klubak eta herritarrei eskolako patiora hurbiltzeko gonbita ere egin die.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!